"Energia komunitatearen aukerak azalduko ditugu"

Joseba Derteano 2025eko abenduaren 8a

Alvaro Etxarte

Abenduaren 11n Durangoko energia komunitatearen proiektua aurkeztuko dute. San Agustin Kulturgunean izango da, 18:30ean hasita. Alvaro Etxarte komunitateko kide bat da eta Durangoko egitasmoaren helburuak eta nondik norakoak azalduko ditu. 

Zein izan da orain arteko bidea?
Gizartean bazegoen ekologiagazko ardura bat, baina ez genuen baldintzarik ikusten kontzientziatik ekintzetarako saltoa emateko. Durangon, talde batek gune hori sortzeari ekin genion, beste herri batzuetan ere energia komunitateak eratzen zebiltzala ikusita. Askotariko elkarte eta eragileekin batu ginen, saretzeko helburuagaz, eta berbaldi bat antolatu genuen zenbait lekutako esperientziak ezagutzeko. Piztu Durango dinamika parte hartzailearen barruan, bost formakuntza saio egin genituen. Azken hori Goienerregaz diseinatu genuen, eta autokontsumoari, energia komunitatearen egiturei eta proiektuak hartu dezakeen izaera juridikoari buruz aritu ginen, besteak beste. 

Zergaitik dira garrantzitsuak horrelako egitasmoak, eta zeintzuk dira helburu nagusiak?
Krisi ekosozial batean gaudela ebidentzia zientifiko bat da. Horren ertzetariko bat aldaketa klimatikoa da, eta horren kausa nagusietarikoa CO2aren gehiegizko isuria. Hori eskala guztietan murriztu behar da eta herritar legez komunitate energetiko bat sortuta egin dezakegu gure ekarpena. Hiru helburu nagusi ditugu: energia kontsumoa murriztea, kontsumitzen den energia berriztagarria eta ahalik eta gertuen sortua izatea, eta gure jabetzako energia izatea. Hau da, proiektu hau energia sistema demokratizatzeko saiakera bat ere bada: energia gure kontrolpean egotea eta komunitatearen irizpideen arabera kudeatzea. Durangaldean ildo honetako ekimen gehiago dago, Abadiñon, Elorrion eta Otxandion, eta batek daki, beharbada hemendik urte batzuetara sarea handitu ahal izango dugu. 

Zer aurkituko du San Agustineko aurkezpenera doanak?
Energia komunitatearen aukerak azalduko ditugu. Ondoren, autokontsumoaz eta bere onurez arituko gara: ingurumenari ekartzen dizkion onurez zein onura ekonomikoez. Gero, diseinatzen gabiltzan proiektuen berri emango dugu, hala nola aholkularitza energetikorako bulegoa zabaltzea eta gure lehenengo instalazio fotoboltaikoaren egungo egoera. Azkenik, proiektura zelan batu eta bertan zelan bazkidetu azalduko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!