[ARGAZKI GALERIA]: Geu Be: "Gainerako herritarren bizi-kalitate berdina aldarrikatzen dugu"

Ekaitz Herrera 2025eko abenduaren 3a

Txokolate beroa, umeentzako jolasak, besarkadak, irribarreak, aldarrikapena. Geu Bek osagai horiek guztiak batu ditu Aniztasun Funtzionala duten Pertsonen Nazioarteko Egunean: "Hemen gaude, eta gainerako herritarren pare gaudela esateko irten dugu kalera".

Abenduaren 3a data ezin seinalatuagoa da Geu Be elkarteko kideentzat: Aniztasun Funtzionala duten pertsonen Nazioarteko Eguna ospatu bezainbeste aldarrikatu dute arratsalde honetan, Andra Mariko elizpean: "Gaitasunak askotarikoak direla aldarrikatzera irten dugu. Bizi-kalitate ona izateko eskubidea dugulako geuk ere, gainerako herritarrek duten bezala. Geu Be hemen dago, hemen gaude, gainerakoak bezala bizitzeko, ondo pasatzeko eta beste herritarren pare gaudela aldarrikatzeko", adierazi du elkarteko arduradun Julen Bengoak. 

Elkarteko kideek musika ekipoa jarri dute jaiaren ertz batean. Euskarazko musikarekin girotu dute jai eremua, eta lauzpabost mahai atondu dituzte umeak eta familiak eskulan tailerrak egitera gonbidatzeko. Eta jakina. Eguraldi hotzari aurre egiteko, txokolate beroa eta bizkotxo-aleak banatu dituzte, Saltsan katerin etxeko kideen eskutik.

"Kontzientzia" eta "pazientzia"

Ospakizunetik harago, baina, gaurkoa kontzientzia bultzatzeko eguna izatea gura du elkarteak. "Oso bizkor bizi gara, eta pazientzia apur batekin jokatzea eskatzen dugu. Gelditu, landu pazientzia, beste erritmo bat daukagu-eta. Izan ere, askotan ez gara konturatzen gure inguruan bestelako erritmo bat daukaten pertsonak ditugula. Berdin supermerkatu batean, ilara batean zein zineman. Eguneroko egoera guztietan", azaldu du Bengoak.

"Ameslariak gara" irakur zitekeen Geu Beren pankartetako batean. Eta ametsei segika jarraituko dute gizarte inklusiboagoa aldarrikatzen, horretarako tresnak eskaintzen eta eskatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!