DOPAk Osakidetzako "murrizketak" salatuko ditu abenduaren 11n

E.H. 2025eko abenduaren 4a

Lehen mailako arretan "atzerapenak" daudela diote, eta espezialitate arretaren kasuan itxaronaldiak "hiru hilabetetik hamar hilabetera" igaro direla.  Andre Marian egingo dute elkarretaratzea, kalitatezko osasungintza publikoa "bermatzea" eskatzeko. 19:00etan izango da.

Durango Osasungintza Publikoaren Alde plataformak elkarretaratzea deitu du datorren eguaztenerako, abenduak 11. Gabon sasoian, Osakidetzako zerbitzuetan "egongo diren murrizketak" salatuko dituzte, horiek "urtero" errepikatzen direla iritzita.

Plataformak kezka handia agertu du Lehen Mailako Arretaren inguruan. Iazko Gabonetan, bi hilabetera arteko itxaronaldiak erregistratu zirela esan dute, eta espezialitateetan, Durangoko kontsulten "bi heren kendu" zirenetik itxaronaldiak "hiru hilabetetik hamar hilabetera" atzeratu direla. Era berean, osasun-langileen "egonkortasun falta" salatu dute, pazienteek arreta behar duten bakoitzean "mediku desberdin bat" izaten dutelako. 

Plataformako bozeramaileen berbetan, arazoen iturburua "oporrak eta bajak ez estaltzean" dago. Euren ustez, "asistentzia sanitarioaren pribatizazioa" handitzen du egoera horrek.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Osasun Itunaren "porrota" kritikatu du plataformak, Osasun zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzeko "benetako neurriak" eskatu dizkiote Osakidetzari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!