Jose Inazio Alberdi hil da, Gerediaga Elkarteako lehendakari izandakoa. Alberdi 70eko hamarkadan izan zen elkarteko lehendakari, 1972tik 1979ra bitartean. Elkarteak jakitera eman duenez, Alberdik 1968an Gerediagaren babespean Ermuan eginiko Euskara Batuaren inguruko lehen jardunaldietan parte hartu zuen. Gainera, Durangoko Azoka Andra Maritik merkatu plazara igaro zeneko sasoia bizi izan zuen elkarteko lehendakaritzan. Lekualdaketa horrek azokaren ibilbidean etapa berri bat zabaldu zuen.
Bestalde, Gerediagak jakitera eman du kulturaz gainera, eskualdeko nortasuna eta antolamendua ere bultzatu zituela Alberdik. "70eko hamarkada hasieran, Durangaldeko hiri antolamendurako planak garatu zirenean, informazio bilketak, aurkezpenak eta batzarrak sustatu zituzten Gerediagako kideek, plan horiek eskualdearen etorkizunean zuten garrantziaz jabeturik. Ermuaren txanda heldu zenean, Gobernadore Zibilak ez zien parrokian biltzeko baimenak eman. Batzarraren egun eta leku berean futbol taldekoak elkartu ziren, eta haiek Gerediagakoak zirela uste izanda, Alberdiri 10.000 pezetako isuna ezarri zioten. Gainera, Madrilen epaitu zuten, TOP edo Ordena Publikoko Epaitegian", gogoratu du Gerediagak.
Alberdi 84 urterekin hil da. Hileta elizkizuna gaur, abenduak 1, izango da Durangoko Uribarriko Andra Mari basilikan.