José Luis Salas ‘sensei’-ak omenaldi hunkigarria jaso zuen Durangon zapatuan, arte martzialetan egindako 50 urteko ibilbidea ospatzeko. Ikasle ohiek, egungoek eta hainbat gurasok ustekabeko ekitaldi bat prestatu zioten Olajauregi hotelean.
Ia 80 lagun bildu ziren bazkarian, Salasek urteotan transmititu dituen balioak eta egindako lana aitortzeko. Bertaratuek klubaren historiako pasarteak eta oroitzapenak partekatu zituzten, eta omendua hunkituta agertu zen bere ibilbidean bidelagun izan dituen pertsona guztiak ikustean. Parte-hartzaileek Salasek tatamitik harago utzi duen arrastoa nabarmendu dute.