Eixuk 16 artisauren erakusleiho bihurtuko du Andra Mariko elizpea

E.H. 2025eko abenduaren 1a

Abenduaren 5etik 8ra,Eixu elkarteko artisauek beren sorkuntzak ipiniko dituzte erakusgai eta salgai Andra Mariko elizpean. Hitzordua artisautza ogibide profesionala dela aldarrikatzeko eta aitortzeko baliatuko dute. 

Durangoko Azokak dakarren kultur mugimenduaren zurrunbiloan, Eixu elkarteak artisauen eta sortzaileen lekua aldarrikatuko du. Abenduaren 5etik 8ra, Artisautza Azokaren bederatzigarren edizioa egingo dute Andra Mariko elizpean. Elkarteko kideek adierazi dutenez, azokaren helburua saltzetik harago doa: "Mezu argi bat zabaldu nahi dugu: artisautza ez da zaletasun huts bat, ogibide duin eta profesional bat baizik". Hori horrela, artisautzatik bzitzea "geroago eta zailagoa" dela esan dute, eta ezinbestekotzat jo dute elkartearen lana, sektorea indartzeko zein esperientziak partekatzeko. 

Askotariko sorkuntzak

Aurtengo edizioan ere askotariko sorkuntza eta teknikak jendarteratuko dituzte. Honako arlo hauetako artisauak egongo dira, besteak beste: zilarra, makramea, larrua, burdin lanak, egurra, ilustrazioa, ehungintza, enkuadernazioa, zeramika eta artilezko lanak. Elkarteak azaldu duenez, Gabonen atariko azoka izatera, hitzordua "garrantzitsua" da. "Durangoko plaza berezia da guretzat: gure lanaren erakusleiho da eta egiten dugun ahaleginaren, konpromisoaren eta pasioaren aitortza jasotzeko gunea", adierazi du elkarteak.

Ordutegia

  • Abenduak 5, 6 eta 7: 11:00etatik 21:00etara.

  • Abenduak 8: 11:00etatik 20:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!