Epifanio Osoro anarkista durangarraren gorpuzkiak identifikatu dituzte Berriozarko hilerrian

E.H. 2025eko azaroaren 27a

Berriozarko hilerrian egindako desobiraketa, 2022ko martxoan. NAFARROAKO GOBERNUA

Osoro CNTko kidea izan zen, eta frankistek Ezkaba mendian izan zuten preso, San Kristobalgo gotorlekuan. 1936ko azaroaren 1ean hil zuten, epaiketarik barik. 22 urte zituen.

Nafarroako Gobernuak eman du berria: Epifanio Osoro Ikobaltzeta anarkista durangarraren gorpuzkiak topatu dituzte Berriozarko hilerrian. DNA Bankuak identifikatu ditu arrastook, eta durangarra da, hain zuzen ere, 2022an Berriozarko hilerrian egindako desobiraketen harira identifikatutako bosgarren presoa. Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez, Osoro frankistek preso hartuta egon zen San Kristobalgo gotorlekuan, Ezkaba mendian, eta beste 21 presok osaturiko talde bateko kidea izan zen. 1936ko azaroaren 1ean erail zuten, frankisten altxamendu betean, epaiketarik barik.  

Anarkista durangarrak 22 urte zituen hil zutenean. Mekanikaria zen lanbidez, eta ezkongabea egoera zibilari zegokionez. Berarekin batera hil zituzten gehienak bezala, CNT sindikatuko militantea zen. 

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gorpuzkiak identifikatzeko prozesuan paper nabarmena jokatu dute Jimi Jimenez eta Elena Aliaga ikerlariek. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!