Askotariko gaitasunak aldarrikatzeko hitzordua

E.H. 2025eko azaroaren 27a

Geu Be elkarteak Aniztasun Funtzionala duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikatuko du abenduaren 3an. Herritarrak deitu dituzte antolatzekoak diren ekitaldietan parte hartzera.

Abenduaren 3a data seinalatu-seinalatua da Geu Bekoentzat, egun horretan aldarrikatzen dute-eta Aniztasun Funtzionala duten Pertsonen Nazioarteko Eguna. Aurten ere, elkarteak ez dio hutsik egingo hitzorduari: datorren eguaztenean, Andra Mariko elizpean batuko dira pertsonen gaitasunak askotarikoak direla aldarrikatzeko. 17:30etarako finkatu dute hitzordua, eta hainbat ekintza egingo dute: gabonetako eskulanen tailerra, margoketa tailerra eta txapa-tailerra, besteak beste. Urtero legez, txokolate beroa hartzeko eta hurreratzen direnekin elkarbanatzeko baliatuko dute hitzordua. Saltsan katerin etxeak eskainiko du, hain zuzen ere, txokolate beroa. 

Geu Bek durangarrak eta eskualdeko herritarrak deitu ditu abenduaren 3an, 17:30ean, Andra Mariko elizpera bertaratzera: "Bertan ikusiko dugu elkar! Egun berezi hori atsegin handiz eta alaitasunez ospatzea opa dizuegu!".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!