Gau krosa Durangoko Alde Zaharretik ibiliko da zapatuan

Anboto 2025eko azaroaren 27a

Zapatu honetan Durangoko Gau Krosaren beste edizio bat egingo dute Durangon, Sekulebedarra klubak antolatuta.

Aurreko urteetako irizpideari eutsiz, izen ematea egunean bertan egin beharko da, lasterketa hasi aurretik. Izen ematerako mahaiak 16:30ean ipiniko dituzte, Santa Anan.

Mailarik maila, adin guztietako jendeak parte hartu dezake. Umeen lasterketa biak doakoak dira. 10 urtera artekoa 17:45ean hasiko da, eta 11tik 15 urtera artekoa 18:00etan. 16 urtetik gorako lasterketari 18:15ean ekingo diote. Maila honetan 10 euro da parte hartzea. Ibilbideak bost kilometro ditu, eta, Santa Ana plazatik hasita, Alde Zaharretik ibiliko dira batez ere.

Parte hartzaile guztientzat opariak egongo dira. Lehenengo hiru sailkatuek garaikurrak jasoko dituzte.

Probaren historia
Gau Krosak etapa bat baino gehiago izan du. Durango Kirol Taldetik antolatu zuten lehenengo, 2013an. 2015etik 2019rako bost aldiak Durangaldea Running taldeak antolatu zituen. Ondoren, urte bian ez zen egin. Orain urte bitik hona berriro da martxan, baina Abadiñoko Sekulebedarra taldeak antolatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!