Durangoko osoko bilkurako eztabaidak bira bat gehiago izan du gaur. EH Bilduk atzokoaren balorazioa jaso du ohar batean, eta EAJ eta PSE-EE seinalatu ditu bertan, alderdi biei "PPko zinegotziaren aurkako gaitzespena blokeatu" zutela leporatuta. Horren harira, "aniztasunaren eta herri honen eskubideen kontrako mehatxuen aurrean" ezin dela "beste aldera begiratu" berretsi du Ima Garrastatxuk.
Bozeramaile subiranistaren iritziz, PPko zinegotziak sare sozialetan adierazitakoak "ez dira adierazpen isolatuak edo inprobisatuak", "nazioarteko ofentsiba erreakzionarioaren zati" baino. "Hamarkadetan konkistaturiko eskubideak arriskuan" daudela, eta horrek "erantzun instituzional argia" eskatzen duela gaineratu du. Halaber, honako hau adierazi du Garrastatxuk: "Ordezkari politiko horrek ahalbidetzen du egungo gobernu taldea; ez posizionatzea ez da neutraltasuna, adierazpen horien konplize izatea baino".