Durangoko osasun zentro berrian mamografiak eta erresonantzia magnetikoak egitea aurreikusi dute

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 26a

“Esku-hartze azkarreko ibilgailu medikuduna” ipintzea ere gura dute. Durango izango da, hain zuzen ere, halako ibilgailu bat hartuko duen lehenengo udalerria, Autonomia Erkidegoan. Halaber, Gaitasun Handiko Osasun Zentroan "pertsonal gehiago" egongo da, egungo hiru osasun zentroekin alderatuta.  

Osasun Saileko ordezkariek Gaitasun Handiko Osasun Zentroaren proiektua aurkeztu dute goiz honetan. Plan Funtzionala da kaleratu dutena, behin-behineko zirriborroa, baina aurrera begirako ezaugarri irmoak jasotzen dituena. Batetik, herriko hiru puntutan eskaintzen diren zerbitzuak batu gura dituzte azpiegitura berrian: Landakokoa, anbulatorio zaharrekoa eta Madalenako buru osasuneko zentrokoa. Eta leku bateratu horretan eskaini gura dituzte orain arteko zerbitzu guztiak eta beste hiru berri: erradiodiagnostikoak egiteko zerbitzua, hau da, mamografiak, TAC direlakoak eta erresonantzia magnetikoak egiteko zerbitzua, erretinografia (oftalmologia eta begiko osasunari loturikoa) eta esku-hartze azkarreko ibilgailu medikuduna ipintzea. Alberto Martinez osasun sailburuaren berbetan, 10.500 metro koadroko azalera izango dute instalazio berriek. Lur azpian aparkalekua ipintzeaz gainera, beheko solairua eta beste solairu bi izango ditu eraikinak. Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak esan duenez, Gaitasun Handiko Osasun Zentroak "pertsonal gehiago" izango du egungo hiru osasun zentroen aldean. Alabaina, aurkezturiko zirriborroa "behin-behinekoa" dela eta, "behin-betikoa izandakoan" zehaztuko dute langile kopurua. 

Mireia Elkoroiribe alkateak esan duenez, "egun garrantzitsua da Durangorentzat eta eskualdeko herritarrentzat. Aspaldi genbiltzan honen atzetik. Ez dago zalantzarik: proiektu honek Durangoko eta eskualdeko osasun arreta eta bizi-kalitatea hobetuko ditu. 

Inbertsioa eta epeak

Aldaketa esanguratsurik ezean, urte batzuk igaro beharko dira Gaitasun Handiko Osasun Zentroa Ezkurdi ondoan ikusteko. Edozelan ere, Eusko Jaurlaritzak proiektua idaztea du aurreikusia. 500.000 euroko diru-atala prestatu du  horretarako. Osasun Sailak eta Osakidetzak urte bi izango dituzte proiektua diseinatzeko, eta tarte horretan, Durangoko Udalak azpiegiturarako orube administratiboa prestatuko du. Mireia Elkoroiribe alkateak azaldu du urte biko denbora tarte horretan egokitu gura dituztela Plan Orokorreko arau subsidiarioak azpiegitura berrira. Era berean, ez du ahaztu tren geltokiaren orubeko proiektuaren beste zatia: 420 etxebitzitza eta parkea eraikitzekoa, hain zuzen ere. Horri guztiari heltzeko Euskal Trenbide Sarearekin eta Osasun Sailarekin hitzarmena lortzeko lanean dabilela berretsi du Elkoroiribek. Osasun Sailak esan du obrak udalak PERIaren lagapena "onartzen duenean" hasiko direla, eta behin eraikuntza obra lizitatuta. Hortik aurrera, lanek 30 hilabeteko iraupena izango dute, eta 35 milioi euroko inbertsioa, aurreikuspenen arabera. 

Dozena bat zerbitzu baino gehiago

Honako zerbitzu hauek eskaini gura dituzte Gaitasun Handiko Osasun Zentroan:

  1. Traumatologia
  2. Errehabilitazioa
  3. Neumologia
  4. Digestiboak
  5. Oftalmologia
  6. Endokrinologia
  7. Otorrinolaringologia
  8. Urologia
  9. Erreumatologia
  10. Kardiologia
  11. Dermatologia
  12. Neurologia
  13. Kirurgia orokorra
  14. Ginekologia
  15. Erresonantziak
  16. TAC
  17. Mamografiak
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!