Durangoko Udalak Truke Azokaren lehenengo edizioa antolatu du zapaturako, azaroak 29. Azoka Andra Mariko elizpean egingo dute, goizeko 11:00etatik 14:00etara. Sisteman parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea bai telematikoki edo 685 738 123 telefono zenbakira deituta. Modu horretan, herritarrek beren etxeetan erabili barik dituzten objektuak eraman ahal izango dituzte, beste batzuekin trukatzeko.
Objektuen bilketa azokaren egunean bertan egingo dute, goizeko 08:30etik 10:00etara. Onartutako materialen artean daude egoera onean dauden jostailuak, liburuak, arropa eta bestelakoak. Hala ere, mugak ezarri dituzte: ez dute etxetresna elektrikorik, gailu teknologikorik (mugikorrak, tabletak edo erloju adimendunak) ezta entziklopediarik jasoko.
Jasotako objektuak sailkatu eta baloratu egingo dituzte, eta parte-hartzaileek balio horren araberako truke-txartelak jasoko dituzte. Txartel horiek azokako bertako beste produktu batzuk eskuratzeko erabili ahalko dira.
'Happy hour' eta boluntarioak
Azokak berezitasun bat izango du: azken orduan, 13:00etatik 14:00etara, happy hour delakoa aktibatuko da. Tarte horretan, truke-txartelik ez duten herritarrek ere aukera izango dute oraindik eskuragarri dauden objektuak doan eramateko.
Bestalde, Udalak 14 eta 30 urte bitarteko gazteak deitu ditu antolakuntzan boluntario gisa aritzera (adingabeek gurasoen baimena beharko dute).