'Igerilaria' Artekan. Zer ikusiko du bisitariak?
Liburuko protagonista Tita Llorens igerilari menorcarra da. Berak egin zidan proposamena. Aspalditik elkar ezagutzen dugu, nire bikotekide Iskander Sagarminaga ere itsasoan igerian ibiltzen delako, eta nik piraguan lagundu izan diet; beraz, amua bota zidan eta nik onartu egin nuen. Berak itsasoan bizitakoak kontatu zizkidan eta nik forma eman nien. Gero, Miren Agur Meabek idatzi zuen testua; berak lotu zituen istorioa, irudiak eta testua. Aurretik ere elkarregaz lan egindakoak gara. Itsasoak lotu gaitu, eta hori ikusi daiteke liburuan. Pertsonaiengan, kostaldean eta abarretan igartzen da hori.
Piragua bat oparitu zidatenetik zaletasun hori izan dut, eta azken urteetan Hirukokoroak proiektuagaz ere gehiago gabiltza; jo eta su gabiltza horregaz.
Teknika aldetik, zelan moldatu zara?
Niretzat gozatu ederra izan da lan hau, teknika desberdinak erabili ditudalako, eta asko jolastu naizelako. Marrazketa aldetik asko gozatu dut eta hori igarri egiten da emaitzan.
Hainbeste urteren ondoren, marrazketagaz gozatzen jarraitzen duzu.
Azkenaldian lan asko egin behar izan dut digitalki, eta, beraz, proposamen hau jaso nuenean segidan ikusi nuen jolasteko aukera egongo zela, eskuak zikintzekoa. Zelanbait esateko, teknika zaharretara jotzeko hautua egin dut. Azken urteetan berreskuratu dut hori. Egileok eskertzen dugu noizean behin horrelako lanak egin ahal izatea lehenengo tekniketara itzulita. Digitala beste teknika bat da niretzat, ez da bata edo bestea aukeratu behar, biak uztartu baditzaket, aurrera.
Ez da lehenengo aldia Miren Agur Meabegaz lan egiten duzuna.
Elkarregaz eskarmentu handia dugu, material asko kaleratu dugu bion artean; batak bestearengana jotzen dugu esperimentu eta proiektu askotarako, eta badakigu zelan funtzionatzen dugun. Niretzat magia egiten du, eta Igerilaria lanean ikusi daiteke hori. Lau marrazki erakutsita atera duena itzela da.
Emakume ilustratzaile eta idazle askoren artean elkarlanak ikusten ari dira azkenaldian.
Ilustratzaileontzat horixe izaten da normala, idazle bat ipuin edo testu bategaz agertzea, eta marrazkiz janztea gero. Oso arraroa izaten da ilustratzaile batek abiatzea proiektua eta gero testua idaztea. 26 urte daramatzat honetan, eta horrela izan da beti. Emakumezkoa izatearen kontuari dagokionez, bestalde, egia esan oso elkargune interesgarriak sortu dira album ilustratuen inguruan, besteak beste. Galtzagorri elkartetik ere sustatzen da hau tailerren bitartez, eta hor talde asko sortzen dira, batzuk album ilustratu bihurtzen direnak. Bestalde, deigarria da, bai, haur literaturan behintzat ilustratzaile asko emakumeak izatea. Haur literaturako idazle asko ere emakumezkoak dira, eta, beraz, elkarlan horiek sortzea ez da gatxa. Beste lurralde batzuetan ezin dizut esan, baina nik neuk emakumezkoen izen askogaz lotzen dut haur literatura. Nire ustez, azken urteetan aldaketa handia egon da; proiektu asko argitaletxeek proposatzen zituzten, eta eurek bideratzen zituzten. Azkenaldian, bai Galtzagorriren ekimenen bitartez, bai egileen iniziatibaz, materiala sortzen dute eta eurek jotzen dute argitaletxeetara. Eta oso proiektu aske, pertsonal eta kañeroak sortzen dituzte. Hori nabarmenduko nuke.
'Hirukokoroak' proiektuan ere murgilduta zaude.
Kokoak.eus webguneagaz batera hasi zen proiektua. Iskander Sagarminagak eta biok sortu genuen, jolasteko eremu legez. Nik marraztu egiten nuen, eta berak grabatu egiten ninduen. Nik eskuz margotu eta eskulanak egin gura nituen, eta Iskanderrek edizioan sakondu gura zuen; horregaitik, aukera ona zela ikusi genuen. Denboragaz konturatu ginen gure afizioek bat egiten zutela; berak esan zuen: "Nik munduko zazpi itsasoetan igeri egin gura dut", eta nik: "Munduan zehar bidaitzen margotu gura dut, munduko material desberdinekin bidaiatu gura dut, eta material desberdin horiek deskubritu". Orduan, kokoak.eus unibertso horretan egitasmo berri bat sortu genuen: zazpi itsasoen erronka burutzea. Beraz, erronka horietara joaten gara, Iskander igeri erronka hori egitera, eta han gaudela koko berrien bila jotzen dugu. Dena marraztu, eta erronkaren jarraipena egiten dugu. Horregaz webgunea ere elikatzen dugu, stickerrak, web jokoak, margotzeko materiala. Helburua umeentzat euskaraz eta kalitatezko marrazkiekin egindako doako materiala eskaintzea da. Eta hori munduan zehar marraztuz eta igeri eginez egiten dugu. Zazpi itsasoen erronka munduko zazpi itsasorik gogorrenen zeharkaldia da eta oso jende gutxik lortu du egitea.