Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, girotze-kanpaina abiatu dute gaur Durangon. Azaroaren 28ra arte iraungo du, eta parte hartzeko bi euskarri jarri dituzte eskura. Batetik, paperezko muralak ipini dituzte, herriko ikastetxeetan, udal euskaltegian eta AEK euskaltegian. Bestetik, postontzi edo parte hartze kutxak jarri dira udaleko kirol eta kultur azpiegituretan, Andragunean, HAZn, Intxaurrondo gazte zentroan eta Turismo Bulegoan. Zer kolore du euskarak? galderari erantzunez, durangarrek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte, berbak, esaldi laburrak edo marrazkiak erabilita.
Abenduaren 3an, aurkezpena
Norbaneko guztien hausnarketa eta ekarpenak Euskararen Nazioarteko Egunean aurkeztuko dituzte. Abenduaren 3an, 18:30ean, egingo den visual thinking dinamika Aroa Blanco eta Maite Lopezek girotuko dute, eta Usue Egia ilustratzaileak parte hartuko du. San Agustin kulturgunean izango da ekitaldia.
Aurretik, lau emakumeren hausnarketak entzuteko aukera egongo da, San Agustinen. Usue Egia ilustratzailearen, Helena Barrenetxea pilotariaren eta Paule Sanchez Arieta-Araunabeña zinegotziaren parte hartzeagaz solasaldia antolatu dute, 17:30ean. Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala udal euskaltegian egingo dute, 11:00etan.
Bestalde, abenduaren 4an, Gabriel Aresti poeta hil zeneko 50. urteurrena ospatzeko 'Arestian egun...! emanaldia eskainiko dute. Andoni Egañak, Aitor Furundarenak eta Andoni Salamerok egindako lana San Agustin kulturgunean eskainiko dute, 19:00etan.
"Ospakizun bizia"
Paule Sanchez Euskara zinegotziak azaldu duenez, "Euskararen Nazioarteko Eguna Durangon ospakizun bizia, irekia eta parte-hartzailea izatea gura dugu. Pertsona bakoitzak aukera izan dezan batzen gaituen hizkuntzan adierazteko eta euskararen parte sentitzeko".