Durangoko Udalak Plateruenari begirako iragarpen bi egin ditu: eguzki plakak ipiniko dituzte eraikineko sabaian, eta horrez gainera, aretoa berritzeko proiektua idatziko dute. Ia 80.000 euro bideratuko dute lehenengo zereginera, eta 100.000 euro bigarrenera. Udalak azaldu duenez, azpiegitura kulturalak "eguneratzea eskatzen du, udalerriko kulturaren erreferente izaten jarraitu ahal izateko". Azpiegitura "behar berrietara" egokitu gura dute, hain zuzen ere, "musikaren alorrean erreferente den kultur zentro gisa duen funtzionaltasuna hobetzeko".
Plateruenerako egitasmo biak 404.056 euroko kreditu aldaketa baten zati dira, baina udalak bestelako asmo batzuk ere baditu esku artean, hala nola Intxaurrondoko eraikinean eguzki plakak ipintzea (118.750 euro), San Agustinaldeko aparkalekua handitzea eta karga-puntu berria ipintzea (47.190), Zezenak Dira ekitadirako babes sistemak indartzea (18.456), terrorismoaren eta polizia indarkeriaren biktimen oroitzapenezko plakak erostea (10.000) eta hondakinen tratamendurako 30.000 euro bideratzea.