Durangoko Udalak 90 autorentzako aparkalekua egingo du Larrasoloetan

E.H. 2025eko azaroaren 19a

Lanak abenduan hasiko dituzte, eta behin hori amaituta, Antso Estegiz kalea berrurbanizatzeko lanen bigarren fasea hasiko dute. Erretentxutik Komentukalera arteko ingurua hobetuko dute, zoladura, irisgarritasuna, drainatzea eta azpiegitura aldatuta. Halaber, kale horretako 56 aparkaleku kenduko dituzte. 

Durangok aparkaleku berri bat izango du laster. Larrasoloeta kalean egongo da, Antso Estegiz kalearen bukaeran eta Juan Itziar auzogunearen ondoan. 90 ibilgailurentzako aparkalekua izango da, eta udalaren berbetan, azpiegitura berriak "inguruko trafikoa murrizten, airearen kalitatea hobetzen eta zarata-maila gutxitzen" lagunduko du. Abenduan hasi gura dituzte obra. 

Edozelan ere, Larrasoloetako aparkalekua ez da udalak ingurune horretan egingo duen jarduketa bakarra. Izan ere, datozen asteetan Antso Estegiz berritzeko bigarren faseari ekingo diote, hau da, Erretentxutik Komentukalera arteko zatia berritzeari. Hori horrela, bide publikoa, irisgarritasuna, azpiegiturak, drainatze-sistema eta zoladura hobetu gura ditu udalak. Era berean, kale horretako 56 aparkaleku kendu egingo dituztela ere jakinarazi dute. Lan horien guztien aurrekontua 1.538.655 eurokoa da. 

Durangoko Udalak atzo eman zuen bere asmoen berri, Antso Estegiz kaleko bizilagunekin egindako bilera informatiboan. "Obra horiek hastea beharrezkoa zen, baina bagenekien aldez aurretik aparkalekuaren gaiari heldu behar geniola, bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko. Larrasoloetan aparkaleku berria sortzeak aukera ematen digu berrurbanizazioan bizilagunek aparkalekurik ez galtzea bermatzeko", esan du Mireia Elkoroiribe alkateak.Era berean, legegintzaldiaren hasieratik honako apustua dela gogorarazi du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!