Durangoko ortu ludikoek 30 partzelatik gora izango dute

E.H. 2025eko azaroaren 17a

Durangoko Udala ortuetarako ordenantza prestatzen dabil. Abenduko osoko bilkuran eman gura diote hasierako onarpena. Ortuak Eguzkitza aldean ipiniko dituzte, eta datorren urteko lehenengo seihilekoan egongo dira erabilgarri. 

Durangoko Udalak ortu ludikoak egingo ditu Eguzkitzan, eta 30-50 partzela ipiniko ditu herritarren eskura. Baratzeak nekazaritza ekologikoa lantzeko eta autokontsumorako atonduko dituzte, eta erabiltzaileek 08:00etatik 22:00etara landu ahal izango dituzte lurrok. Halaber, betebehar batzuk ere izango dituzte trukean: arloak baldintza egokietan mantentzea, ureztatzeko ura eskuratzea eta nekazaritza ekologikoari buruzko prestakuntza teknikoa jasotzea, besteak beste. Ortuak emandakoa norberaren edo familiaren autokontsumorako izango dela azaldu du udalak, eta aurreratu du guztiz debekatuta egongo dela elikagaiok merkaturatzea. Irizpide horiek guztiak kontuan hartuta, ordenantza berri bat prestatzen dabilela jakinarazi du udalak, hain zuzen ere.

Udalak 230.000 euroko inbertsioa egingo du Eguzkitzan. Lurra egokitzeaz gainera, partzeletarako sarbideen kontrola, komunak, aldagelak, armairuak, lanabesak gordetzeko guneak eta argiteria atonduko ditu. Arloak Durangon erroldatutako pertsonei esleituko dizkiete, eta eskaera kopuruak eskaintza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo dute. Era berean, lursailetako batzuk kalteberatasun sozial, ekonomiko edo pertsonaleko egoeran dauden kolektiboentzat gordeko dituzte. Erabilera baimena bi urterako izango dela iragarri du udalak. Behin denbora tarte hori igarota, luzapenak egiteko epea zabalduko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!