Durangoko Udalak zerbitzu berri bat estreinatuko du datorren martitzenean, herritarrei etxebizitzaren arloko orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko. Egitasmoan oinarrizko aholkularitza juridikoa eskainiko dute etxebizitzarekin lotutako hainbat gaitan, hala nola etxegabetzeetan, alokairuetan, kontratuetan, jabetza-eskubideetan, laguntzetan eta etxebizitza publikoa eskuratzeko aukeretan.
Zerbitzua Zaloa Parra Eizagaetxebarria legelariak emango du. Zuzenbide zibilean eta etxebizitzan aditua da Parra, eta udalaren esanetan esperientzia handia du gizarte-testuinguru zailetan. Zerbitzua presentziala izango da, eta Durangoko Udalean eskainiko dute martitzenero 9:00etatik 11:00etara aste batean eta 15:00etatik 17:00etara hurrengo astean. Lehengo saioa goizeko txandan eskainiko dute. Arreta zerbitzua doakoa da. Interesdununek HAZera deituta eskatu ahal izango dute hitzordua bariku honetatik aurrera (azaroak 14), honako telefono zenbakian: 946 030 000.
Udalak gogoratu du honako zerbitzu hau udal gobernuak PPrekin lortutako akordioaren zati dela.