Bueltan da Durangaldeko zozketarik ikonikoenetakoa. JAED elkarteak bariku honetan zabalduko du bere stand solidarioa, betiko legez, Andra Mariko elizpean. Aurten, 80.000 txartel ipiniko dituzte salgai, eta beharrizana dutenei laguntzeko elikagaiak erosiko dituzte baturiko diruarekin. Susana Lorenzo elkarteko kideak gogorarazi duenez, JAEDek 200 familia baino gehiago laguntzen ditu hilero-hilero, beharrizana duten horiei oinarrizko elikagaiak eskainita. Hori horrela, txartelak erostera deitu ditu herritarrak, baita elkartean bazkide egitera ere. "Izan ere, 110 baino ez gara, kontuan hartuta herri honetan 30.000tik gora biztanle garela".
Aurtengo kanpainan, 50 sari zozkatuko dituzte stand solidarioan. Autoa izango da horien artean izarra, baina nobedadeen artean Eurodisneyrako bidaia egongo dela aurreratu du Lorenzok: "Heldu birentzako eta ume birentzako bidaia izango da, Eurodisneyko egonaldi osoaz gozatzea ahalbidetuko duena. Beste nobedade batzuk errealitate birtualeko betaurrekoak, proiektore bat eta Zugaza zinemarako 60 sarrerako bonua izango dira", zehaztu du. Urtero legez, zozketa urtarrilaren 6an egingo dute, Erregenetan. Elkarteko kideek 13:00etan egingo dute sarien zozketa, eta ordura arte txartelak erosteko aukera zabalik egongo dela iragarri dute, "beti ere, txartelok lehenago agortzen ez badira".
Inaugurazioa
JAEDen stand solidarioak bariku honetan, hilak 14, zabalduko ditu ateak, 18:00etan. Lehendabiziko txartelak erosten dituztenek sorpresa gozo bat izango dute zain: Gozatu gozotegiko kideen mokadua, hain zuzen ere.