Durangoko Udalak sei langabetu kontratatuko ditu Lanbiderekin elkarlanean, eta laguntza sozialerako udal programetan jarriko ditu beharrean. Horietariko bostek laguntza programetan egingo dute lan, eta seigarrenak proiektu horiek koordinatzea izango du betebehar. Abenduan hasi gura dute proiektuagaz.
Kontratuek sei hilabeteko iraupena eta lanaldiaren % 75eko parte hartzea izango dute. Udalak Tokiko Enplegu Planaren barruan kokatu du egitasmo hau, eta zehaztu du Lanbideren finantzaketa duela zeregin horretarako. Jesica Ruiz zinegotziak egitasmoaren garrantzia azpimarratu du: “Udalak Durangoko langabeei zuzenean mesede egingo dieten lan aukerak sortzearen alde egiten jarraitzen du. Honelako planek lanpostu bat lortzeko aukera emateaz gain, ongizate kolektiboa eta kohesio soziala indartzen dituzte", adierazi du.
Interesdunek Lanbideren web atarian eman ahalko dute izena, azaroaren 23a baino lehen.Zalantzak argitzeko, gekintza@durango.eus helbidera idatzi daiteke.