Durangoko Udalak herrian erregistratutako indarkeria matxista kasuen berri eman du. Uztailetik irailera bitarteko datuak dira, Indarkeria Matxistaren Unitatean jakinarazitakoak. Horien arabera, 24 kasu erregistratu dira Durangon, 2025eko hirugarren hiruhilekoan. "Horietatik 18 genero-indarkeriakoak izan ziren, eta hainbat indarkeria-mota sartu ziren, hala nola sexuala, fisikoa, psikologikoa eta ekonomikoa. Gainera, familia barruko 4 indarkeria-kasu eta sexu-indarkeriako 2 kasu artatu ziren", jakinarazi du udalak.
Indarkeria Matxistaren Unitateak 10 kasutan esku hartu du. Horietatik 4 Ertzaintzaren bidez iritsi ziren Andragunera; 1 Osakidetzatik eta 5 unitatearen beraren bidez erregistratu ziren. Udalak adierazi duenez, ez da "salaketa formalik aurkeztu" Ertzaintzak bideratutako kasuetan, eta horrenbestez, kasuok ez dira eskualdeko instituzio publikoen arteko protokoloan sartu. Arreta bideratzeei dagokienez, 14 pertsona bideratu dituzte Oinarrizko Gizarte Zerbitzutetara, 4 Esnatu arreta psikologikoko zerbitzura, eta bat krisi zentrora, sexu-indarkeriazko arreta premietara.
Jesica Ruiz berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “ezinbestekoa da antzemate, arreta eta bideratze bideak sendotzea, eta sentsibilizazio kolektiboa lantzen jarraitzea. Horrela bakarrik lortuko dugu errealitate horiek denbora luzeegian ikusezin bihurtu dituen isiltasunarekin eta
normalizazioarekin haustea".
Indarkeria Matxistaren Unitatea (IMU)
Andragunea (Lariz Torre 2)
- Ordutegia:
- Astelehen, eguazten eta barikuetan: 09:00 - 15:00
- Martitzen eta eguen: 11:00 - 14:00 eta 16:00 - 19:00.
- Harremanetarako: 618 791 333 eta 94 603 00 46 telefonoak eta
misasi@durango.eus helbide elektronikoa