Gaur, azaroak 10, Memoriaren Eguna da eta Durangoko Udalak ekitaldi instituzional bat egin du Ezkurdiko monolitoaren aurrean. Udaleko udalbatza osatzen duten alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute eta ekimena herritar guztiei irekita egon da.
"Gaurkoan berriro ere doluari, aitortzari eta bakearen aldeko konpromisoari lekua egiten diogu. Erakunde moduan gure betebeharra da gure iragan hurbilean terrorismoak eta beste indarkeria batzuek hildako pertsona guztiak errespetuz eta duintasunez oroitzea, adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak.
"Ez dugu ahaztu behar eta ez dugu ahaztu gura. Oroitzapenak ez du errua banatzen, baizik eta bide zuzena erakusten digu. Biktimen lekukotasuna entzutea, aitortza eta egia eskatzea eta memoria aktiboa mantentzea, hori da berme bakarra berriro halakorik ez gertatzeko. Eta hori hasten da eragindako kaltea onartzearekin, biktimen alde jartzearekin eta indarkeria mota guztien aurka argi eta garbi jarriz. Gaurko ekitaldi honek horixe du helburu, oroimena bizirik mantentzea eta bakearen aldeko urratsak sendotzea elkarrekin. Bakea izan bedi gure herriaren etorkizunaren oinarri sendoa", esanez amaitu du Elkoroiribek.