Gizon bat ikertu dute Durangoko lonja batean substantzia sorgorgarriekin trafikatzeagatik

Anboto 2025eko azaroaren 7a

Ertzaintzako agenteek eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, 68 urteko gizon bati osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik, Durangoko lokal batean esku hartu ondoren. Bertan haxixa, marihuana, doitasun-balantza bat eta 2.500 eurotik gora konfiskatu dituzte, Segurtasun Sailak ohar batean zehaztu duenez.

Gertakariak Durangoko Ertzain-etxeak Durangoko droga-kontsumoari eta -trafikoari buruz egindako ikerketen ondorio izan dira. Ikerketak Alde Zaharreko lonja baten inguruan egin zituzten, bertan ustez substantzia sorgorgarrien transakzioak egiten zirela jakin ondoren.

Ikerketaz arduratu diren ertzainek duela gutxi egiaztatu ahal izan zuten hainbat pertsona lokalean sartzen zirela eta, barruan minutu gutxi batzuk eman ondoren, joan egiten zirela. Ertzainek pertsona horietako batzuk geldiarazi zituzten kalean, eta egiaztatu zuten substantziak zeramatzatela, batez ere marihuana, eta, aitortu zutenez, lonjan erosi berri zituzten.

Ebidentzia horien aurrean, atzo, eguena, arratsaldeko zazpiak aldera, polizia-baliabideak bertaratu ziren eta hainbat pertsona identifikatu zituzten, horien artean, eraikinaren arduraduna. Lonja barruan aurkitu zituzten prentsatutako substantzia marroi baten 130 gramo, haxixa, 115 gramo marihuana, doitasun-baskula bat, plastikozko bilgarri ugari, ustez drogak banatzeko prestatuak, eta 2.580 euro eskudirutan, zenbateko desberdineko billeteetan, oharrak jasotzen duenez.

Lokalaren arduradun gisa identifikatu zuten 68 urteko gizonak, espainiar nazionalitatekoak, polizia-aurrekariak ditu antzeko egitateengatik, eta osasun publikoaren aurkako delitu batengatik ikertu dute eta agintari judizialaren aurrera agertu beharko du deitzen diotenean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!