Memoriaren Eguneko oroimen ekitaldia egingo dute astelehenean, Durangon

E.H. 2025eko azaroaren 7a

Ezkurdiko monolitoan egingo dute ekitaldi instituzionala, 12:00etan,  "oroimenaren, errespetuaren eta bakearekiko zein bizikidetzarekiko konpromisoaren adierazgarri" modura. Ekitaldia durangar guztiei zabalik dago. 

Datorren astelehenean, azaroak 10, Durangoko Udalak ekitaldi instituzional bat egingo du Memoriaren Eguna dela eta. Ekitaldia "historia hurbilean askotariko indarkeria moten ondorioak jasan dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago", eta "hausnarketarako eta omenaldirako" balioko du, udalaren berbetan. 12:00etan izango da, Ezkurdiko monolitoaren aurrean, eta herritar guztiei irekita egongo da.

Udalaren asmoa "biktima guztiak ohoratzea eta gogoratzea da, inolako bereizketarik egin gabe". Haien sufrimendua aitortu gura du, eta "bakearen, justiziaren, erreparazioaren eta bizikidetzaren balioekiko konpromiso instituzional eta soziala" berretsi. Gaineratu dutenez, omenaldian "ETAren, GALen eta beste talde batzuen indarkeriaren biktimak ere barne hartzen dira, memoria inklusibo eta plurala eraikitzeko borondate argia erakutsiz".

Herriaren Eskubideak baita Kurutziagako monolitoan ere

Herriaren Eskubideak jakinarazi du antolatzekoak diren ekitaldi bietan parte hartuko duela. Udalak Ezkurdin antolatu duen ekitaldian, batetik, eta Kurutziaga kaleko monolitoan egingo den ekitaldian, bestetik. Alderdi independenteak lore-sorta jarriko du azken horretan. 

Alderdi independenteak "askatasunaren, justiziaren eta giza eskubideen alde bizitza eman zuten Durangoko pertsona guztiak" gogoratzeko borondatea adierazi du. Hitz horiekin, biktima guztien "balio demokratikoak eta duintasuna" azpimarratu gura ditu, "bereizketarik egin barik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!