Errotarik 25 urte egin ditu aurten. Elkartea erreferente bihurtu da Euskal Herrian.
Elkartearen helburuetariko bat ikerketan sakontzea izan da, eta urte hauetan guztietan azterlan horretan murgildu da. Bide horretan, erreferente izaten lagundu digun Errotari urtekaria argitaratzen hasi ginen orain 22 urte. Placido Iglesiasek zerikusi handia izan du horregaz. Placido Errotariren sortzaileetariko bat da, eta 16 urtean elkartearen presidentea izan da.
Perretxikoen ezagutza dibulgatzea ere baduzue helburu.
Errotari perretxikoen ezagutza zabaltzeko eta pozoitzeak ekiditeko jaio zen. Horregaz batera, ikerketa lan jarraitua egiten dugu. Kanariar Uharteetara, Madeirara, Azoreetara... bidaiatu dugu hango flora mikologikoa aztertzeko. Euskal Herrikoa ere aztertu dugu, jakina. Izan ere, hainbat espezie berri irten da, gure inguruetan ere bai.
Aurten ez dago perretxiko askorik.
Hemen irailean eta urrian irteten dira perretxikorik gehienak, baina, berez, urte osoan hazten dira. Hala ere, aldaketa klimatikoa asko igartzen da. Izan ere, perretxikoek euren zikloa dute, hezetasun eta tenperatura baldintza zehatzak behar dituzte. Eta asko mikorrizak dira: landareen zuztarrekin elkartuta bizi diren onddoak dira, eta elkarri onura egiten diete.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Aitarengandik. Gerra zibilean Errusiara eramandako umeetariko bat izan zen. Errusia perretxiko lekua da eta asko baloratzen eta jaten dute. Handik perretxikoei buruzko jakintza apur bategaz bueltatu zen, eta, urteekin, ezagutzan sakondu eta perretxiko dibulgatzaile ezagun bihurtu zen. Asko joaten nintzen beragaz perretxikotan.
Durangaldean zaletasun handia dago perretxikotarako?
Bai. Orokorrean, Euskal Herrian. Hala ere, gutxi batzuekin konformatzen gara; izan ere, badaude batzuk ospe handia dutenak.
Badago mitorik perretxikoei buruz?
Orokorkerietan jausi barik, perretxiko bakoitza ezagutu behar da. Otzaran batzea da egokiena, ontzi gogorra izanik babestutako daudelako. Bestalde, perretxikoari hazten utzi beharko genioke. Behin, 3 kiloko onddo kaskabeltza aurkitu nuen; esporak askatzen hasita zegoen. Hori ez da ohikoena, baina badaude hartu daitezkeen 600-800 gramoko onddoak.
Topatu duzun perretxikorik arraroena?
Gomphus clavatus-a. Bitxia da hemen agertzea, eta Oletako harizti batean ikusi dugu, beti toki berean. Baina azken hiru urtean ez da irten.