"Zortea dut egunero talde honegaz lan eginda"

Aritz Maldonado 2025eko azaroaren 7a

Urrian Marierrauskin musikala estreinatu zutenetik, Paule Mallagarai durangarra lanez lepo dabil: Madrilgo Coliseum antzokian egiten dituzte emanaldiak, astean zortzi. Lanpetuta baina pozik dabil durangarra. "Horretarako prestatzen ibili gara azken hileetan", esan du.

Zelako harrera izan du 'Marierrauskinek'?
Estreinaldia oso egun polita izan zen, maite dugun jende asko etorri zen-eta gu ikustera. Espero genuena pasatu zen gero; jendea oso pozik irten zen antzokitik, eta gu ere pozarren geratu ginen. Gure arteko kimika oso ona da eta zorte itzela dut egunero lantalde honegaz musikal hau egin ahal izateagaz. Beraz, dena oso ondo joan da.

Abuztuan hasi zineten entseguekin. Ordutik hona egunero elkarregaz lan eginda, familia moduko bat bihurtuko zineten?
Taula gainean oso emozio gogor eta intentsoak bizi ditugu, eta horrek asko sendotzen du hartu-emana. Horrez gainera, astean zortzi funtzio egiten ditugu eta hori erronka handia da. Egutegi zorrotza dugu hori egin ahal izateko, baina ikuskizun honek merezi du, talde honek merezi du, eta publikoaren aldetik jasotzen dugun berotasunak ere energia hori ematen digu.

Astean zortzi emanaldi egiteak suposatzen duen desgasteari aurre egiteko, zelan prestatzen da?
Prestaketa fisiko eta psikologiko handia behar da. Egunean hartzen ditudan erabakien % 90 gauean eszenatokian ahalik eta ondoen egoteko bideratzen ditut. Ordu asko pasatu behar dugu isilik gauero ahotsa ehuneko ehunean izateko, gimnasiora joaten gara giharrak landu eta lesioak ekiditeko, eta, aldi berean, geure buruari lasaitasuna ematen ahalegintzen gara. Artista batek ez du bakarrik teknika behar; barruko orekari ere eutsi behar dio, oraindino gehiago horrelako obra baten aurrean.

Profesional legez izan duzun erronkarik handiena eta anbiziotsuena dela esango zenuke?
Protagonista titular legez hauxe da nire lehenengo aldia, baina aurretik ere izan ditut paper protagonistak; Mamma mia! obran, adibidez. Baina ez da berdina astean zortzi emanalditan protagonista izatea edo lantzean behin egitea ordezko legez. Horrek exigentzia maila igo egiten du, eta igarri egiten da. Horrez gainera, lehenengo aldia da Espainian musikal batek taula gainean hogei musikari batzen dituena zuzeneko ekitaldi batean. Eszenografia ere sekulakoa da, eta Yaiza Pinillosen diseinuak ere itzelak. Bisualki oso show polita da eta horrek indar handia ematen digu taulara irten eta dena emateko. Musikariak, eszenografia, jantziak... Dena da itzela. Niretzat egundoko aukera da eta pozarren nago. Lan handia egiten dut egunero hobetzeko. Aurreko batean zuzendari musikalak kontatu zidan Broadwayko ekoizle erraldoi batzuk etorri zirela antzokira gure obra ikustera. Ezer esan barik agertu ziren. Madrileko musikal guztiak ikustera joan ziren, eta zuzendariari esan zioten geurea dela Broadwayren mailan dagoen bakarra. Berba horiek oso esaguratsuak dira guretzat, eta lanaren tamaina hartzeko ere baliagarriak dira. Horrelako loreak jasotzea ondo dago, baina, egia esateko, laino moduko batean nago, lana oso gogorra delako. Kanpotik dena polit ikusten da, baina gure egunerokoa oso gogorra da.

Horrelakoak gero gozatuko dituzu gehiago beharbada, perspektibagaz.
Bai, urtebete barru-edo dena maitasunez gogoratuko dudala uste dut, baina gure instrumentua gorputza da, eta gogorra egiten da. Gorputza egunero ez da berdin esnatzen; itzartu naiteke minduta, edo laringitis bategaz... Eszenatokian istripu bat izan nuen eta zauri bat dut eztarrian, baina horregaz ere lan egin behar dut; astebetean horrela egongo naizela aurreikusten dut, baina berdin egin behar dut nire lana, energia berdinagaz, publikoak sarrera ordaindu du eta. Ez da erraza.

'Marierrauskin'-en berrirakurketa bat proposatzen duzue, maitasun istorio gaurkotuago bat. Zelan hartu dute ikusleek?
Marierrauskin klasikoa da, baina oso ikuspegi garaikide bategaz. Musika eta berbak oso freskoak dira; Alejandro de los Santosek egin du itzulpena. Istorioa 90eko hamarkadan kokatzen da eta mezu berritzailea dakar. Ez da ipuin erromantiko soil bat, Ella indarrez eta nortasunez beteriko pertsonaia da, eta ikusleekin konektatzen duela ikusi dugu. Arriskatu egin gara eta ondo irten zaigu. Badago jende bat Disneyren istorio klasikoa ikusteko ideiagaz datorrena eta ikusi eta gero haserre doana. Baina, egia esanda, kartelean argi ipintzen du lanak beste ikuspegi bat duela.

Hemendik aurrera, zein asmo duzu?
Nire bizitza Marierrauskin da gaur egun. Ez dugu data zehatzik, baina denboraldi luze batez lana aretoetan izatea gura genuke, 2026ko uztailera arte behintzat. Gero ez dakigu bigarren denboraldirik egongo den ala ez, baina oraingoz hau gozatu gura dut. Hemendik urte bira-edo zer gertatuko den ez dakit. Antzerki musikalaz gainera, nutrizio ikasketak ere egiten nabil eta ez dakit hemendik urte batzuetara antzerki musikala egiten jarraituko dudan ala nutrizionista izango naizen, baina nire ametsa ama izatea da. Ama, Euskal Herrian. Bost-sei urte barru Euskal Herrian ikusten dut neure burua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!