1986ko kintoen jaiak 70 lagun baino gehiago batuko ditu Durangon

E.H. 2025eko azaroaren 5a

Azaroaren 15ean egun osoko jaia egingo dute Durangoko Gran Hotelean. 

Azaroaren 15a laguntasuna eta nostalgia ospatzeko eguna izango da Durangoko hainbat herritarrentzat. 1986an jaio ziren askorentzat, behintzat, bai, datorren asteko zapatuan kintoen eguna ospatuko dute-eta. Mikel Aranguren da eguna antolatzen dabilen kideetariko bat, Iurretako Maiztegi eskolako ikasle ohia. "Duela urtebete inguru, Maiztegiko ama batekin berbetan, garai bateko klasekideak aspaldian batu barik geundela konturatu ginen. Eta hor sortu zitzaigun kintada bat antolatzeko ideia", azaldu du Arangurenek. Eta, esan eta egin. Ideia hartatik urtebete ingurura,  eskualdeko hainbat ikastetxetako lagunak eta ezagunak batu dituzte-eta hitzordura: "Jesuitak ikastetxekoak, San Antoniokoak, Lauaxetakoak... hasiera batean Maiztegikoak baino ez ginen batu behar. Baina, hara! 76 lagun gaude izena emanda, eta durangarrak dira gehienak!", zehaztu du.  

Edozelan ere, Arangurenek pena apur bat ere sentitu du hitzordura baturiko kideen kopuruarekin. "126 lagunek eman zuten izena, baina batek ezin duela besteak ezingo duela, azkenean 76ra jaitsi zaigu kopuru hori. Dena dela, pozik gaude. Kopuru polita dela uste dugu". Eta ez dago dudarik kopuru handi zein txikia izan, guztiek primerako eguna pasako dutela. 13:00etan egin dute hitzordua, Durangoko Zero tabernan. Zapiak banatuko dituzte han. Gero, bazkaria, 15:00etan egingo dute Gran Hotelean. Musika egongo dela ere aurreratu dute. 

Irakurleren batek kintoen jaian parte hartzea nahiko balu, horretarako aukera zabalik daukala argitu du Arangurenek. Izen emateak 664118412 whatsapp zenbakian egin behar dira, azaroaren 7a baino lehen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!