Itxura berria hartu du merkatu plazak, eta gaur zabaldu ditu ateak. Harategia eta urdaitegia, adibidez, hasita daude jenerorik onena saltzen. Arripu Merkatu Plaza tabernako kideek bihar, martitzena, zabalduko dute kafetegia. Etartiek, eguenen hasi gura du eskualdeko tokiko produktuak merkatuan saltzen. Bideoan, Amezua harategiko Juan Luis, merkatu berritua bisitatzera hurreratutako Miren eta Manuel, eta Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe elkarrizketatu ditugu.
Edozelan ere, mikrofonoetatik kanpo, dendari gehiagoren testigantzak bildumatu ditugu: Arripu kafetegikoena, Etartie dendakoena eta urdaitegikoena:
Arripu Merkatu Plaza
Ez dago dudarik: Arripu tabernako tortillek ospe handia hartu dute Durangon, eta Txibitenako taberna mantentzeaz gainera, arduradunek establezimendu berri bat zabalduko dute merkatuan. Arripu Merkatu Plaza deituko da, eta martitzenean, hilak 4, zabalduko dute. Bertan, ohiko tortilla pintxoez gozatzeko aukera emango dute, baina berritasunak ere gehituko dituzte eskaintzara: "Pernil eta gaztadun pintxoak izango ditugu, baita oilasko produktuak eta gildak ere. Era berean, gosaritarako opilak ere eskainiko ditugu", aurreratu dute Juli Zapatak eta Victor Ozpinak. Ostalari biak herriko merkatua dinamizatzearen alde agertu dira, gainera: "Uste dut denok behar dugula horrelako zerbait, eta iruditzen zait eremu honek ostalaritza postu bat gehiago ere beharko lukeela. Durangarrak zein ingurukoak animatzen ditugu tortilla jatera zein hemen erosketak egitera etortzera", esan dute.
Tere Azkarateren urdaitegia
Eta Arripukoen ondoan, Durangoko urdaitegirik enblematikoena: Tere Azkaraterena. "Betiko lekuan jarraitzen dut. Honako hau da Durangoko historian beren beregi urdaitegi lanetarako ireki zen lehendabiziko denda. Duela 62 urtekoa da, eta nire aitaginarrebena zen", azaldu du Azkaratek. Eta hemendik eta jubilatu arte, dendariak bertan jarraituko du jenerorik onena eskaintzen. Instalazio berrituaz, honako hau dio: "Oso ondo berritu dutela uste dut. Gaur egungo beharrizanetara egokitua dagoela esango nuke, eta uste dut horretan eragin behar dela. "Izan ere, dena aldatzen dabil. Lehen, mahai baten bueltan ospatzen genuen dena, jenero onarekin. Orain, berriz, gurago izaten dugu ospakizuna bidaiatu bitartean egin. Gero eta gutxiago kozinatzen dugu, eta gero eta gutxiago jaten dugu etxean". Hori guztia dela eta, Azkaratek jendea animatu du hutsik dauden postuak hartzera eta herritarrak erostera hurbiltzera. "Ez dadin herriko bizitza eta arima galdu", azpimarratu du.
Etartie
Durangaldeko baserritarren Etartie eguenean itzuliko da Andra Mari kaleko dendatik merkatu plazara. Urdaspal Alberdik azaldu duenez, baserritarrak kontu tekniko txiki batzuk amaitzen dabiltza, eguenetik aurrera denda behar bezala zabaltzeko.
Inaugurazio ekitaldia zapatuan
Merkatuak ateak gaur zabaldu dituen arren, zapatuan egingo dute inaugurazio ekitaldia. 13:30ean izango da. Bestalde, udalak gogoratu du deialdi publikoa martxan dagoela hutsik dauden postuak esleitzeko. Eskaerak azaroaren 3tik 24ra aurkeztu behar dira Udalaren Kontratatzailearen Profilean.