Helburu dibulgatiboagaz hasi zuten bidea, perretxikoekiko zaletasuna bultzatzen, txangoak antolatzen, herritarrei intoxikazioak prebenitzen laguntzen. Baina bidea hori baino askoz ere emankorragoa izan da. Errotarik perretxiko espezie berriak deskubritzen lagundu du 25 urte hauetan, eta aliantza sare sendoak eratu ditu etxeko zein atzerriko elkarteekin. Sasoiko daude, ia 400 bazkide dira eta. "Asko gara, Durangokoak, eskualdekoak, Euskal Herritik kanpoko hainbat hiritakoak, eta Europako bazkideak ere baditugu taldean", esan du Esteban Ruiz elkarteko presidenteak. Errotarik Europako mikologoen artean erreferente izatea lortu du eta elkarteak urtero argitaratzen duen aldizkaria horren erakusgarri da: "Urtean behin kaleratzen dugu. Oso aldizkari prestigiotsua da mikologiaren munduan, maila zientifiko handikoa, teknikoa, eta, horrenbestez, gatxa mikologiari buruzko ezagutza txikia duenarentzat. Europako herrialdeetako elkarteek eta mikologoek euren ikerketak gure argitalpenean publikatzeko eskatzen digute", azaldu du Ruizek. Errotarik etxean zein atzerrian deskubritu ditu perretxiko espezie berriak. Portugalgo Azoreetakoak eta Kanariar Uharteetakoak, besteak beste, "bertako perretxikoak ez dira-eta behar den beste ikertu". Eta, halako batean, beharbada, bat baino gehiago harrituko da Errotariren egoitzan, Intxaurrondoko eraikinean, egiten den lan zientifikoaz jabetuta. "Perretxikoak batu ondoren, euren deskripzioa egin, sikagailuetan sartu eta esporak ikertzen ditugu. Mikroskopio elektronikoak darabiltzagu horretarako. Eta aleren bat berria dela uste badugu, DNA ikerketa egitera bidaltzen dugu", azaldu du Ruizek. 25 urte hauetan, euren lanari eskerrak, zientzialariek 30 perretxiko gehiago katalogatu dituzte, DNA sekuentziazioak ikertuta. Bestalde, elkarteak perretxikoen deskribapenekin eta ezaugarriekin osaturiko hainbat liburuki kaleratu du. Tartean dago Durangoko lorategietako, parkeetako eta berdeguneetako perretxikoen berri ematen duen argitalpena.
Hala ere, dena ez da jakintza teknikoa. Errotarik jangarriak diren perretxikoen berri ematen du, baita kozinatzeko errezetak proposatu ere. Eta, jakina, txangoak antolatzen ditu perretxikotan joateko eta dibulgazioan eragiteko. Kasu horietan, jakintza teknikoa ez da oztopo. Hurrengo txangoa Araba aldera egingo dute, Valderejoko Parke Naturalera. Azaroaren 15ean egingo dute irteera.
Aldaketa klimatikoa
Gauzak asko aldatzen dabiltza aldaketa klimatikoagaitik, eta Errotarik ere igarri du horren eragina: "Lehen, iraila eta urria ziren perretxikotarako sasoirik onena. Baina orain dena atzeratu da. Uda honetan, adibidez, ez du ia euririk egin, eta boletus onddoak, jendeak gehien bilatzen dituen horiek, apenas irten dira. Horrez gainera, badago beste datu bat: aldaketa klimatikoaren eraginez, orain arte hegoalderagoko zonaldeetan irteten ziren perretxiko espezieak hasi gara ikusten hemen".
Errotarik mende laurdena egin du eta aurrerantzean ere beti bezain langile jarraituko du mikologia ikertzen eta herritarrak perretxikotan zaletzen. Elkarteak zabalik ditu ateak. Astelehenero batzen dira euren egoitzan, Intxaurrondoko eraikinean, 19:30ean.