Herrietako plazak bete eta gero, Akelarre taldeak Euskal Herriko zinema aretoak bete gura ditu orain. Hain zuzen ere, Durangoko Bideografik ekoiztetxeak Akelarre: marearen kontra dokumentala sortu du eta Lekeitioko Euskal Zine Bileran aurkeztu du asteburuan, zine jaialdiaren 48. edizioan. "Pozik gaude lanak izan duen harreragaz. Aretora senide, zale eta ikusle ugari batu zen", azaldu du Xabier Zabala Agirrezabala zuzendariak. Carlos Iglesias Serranogaz batera zuzendu du lana. Proiektua orain hiru urte ipini zuten martxan, Akelarreren amaiera borobiltzeko helburuagaz. Lanak EITBren lankidetza ere izan du; batez ere, artxiboko materiala erraztu du.
Estreinaldia igarota, Bideografikeko lantaldeak herririk herriko emanaldien birari ekingo dio orain. Azaroan Aian, Gatikan, Laudion edo Berrobin egingo dituzte emanaldiak, besteak beste. Abenduan beste dozena bat emanaldi dituzte; bat Abadiñon, abenduaren 3an. Zine jaialdietan ere parte hartzekoak dira.