Zer dela eta sortu duzu Garrasi?
Hasierako ideia sormen leku bat sortzea zen, niretzat, proiektu propioak garatzeko. Orain urte pare bat, lagun dudan idazle bategaz berba egin nuen, gidoi bat idazteko eskatu nion. Orain hilabete inguru bidali dizkit lehenengo zirriborroak. Hori prestatzen hasi aurretik, banekien toki bat beharko nuena gidoia garatzeko; izan ere, ez nuen etxean lan egin gura. Asko kostatzen zait etxean gidoiak ikastea eta kontzentratzea. Baina Durangon ez da erraza diru sarrerarik barik horrelako espazio bat mantendu ahal izatea, eta gune baten bila hasi nintzen, eta zelan finantzatu pentsatzen. Toki egokia aurkitu, eta bertan klaseak ematea irtenbide ona izan zitekeela iruditu zitzaidan. Lekuaren baldintzetariko bat San Agustin kulturgunetik hur egotea zen. 30.000 biztanleko herri batean tailer xume bat sortzea eta mantentzea posible zela iruditu zitzaidan, zenbakiei dagokienez. Izan ere, argi nuen ez nuela antzerki eskola bat gura. Eskola batek ikasgaiak eta hainbat irakasle espezializatu behar ditu eta nire ideia hori baino xumeagoa da. Jendeak antzerkia zaletasun modura hartzea eta horretara hurbiltzea gura nuke, eta baten bati zerbait pizten bazaio, lagunduko diot beste zeozer topatzen bere gustuetara moldatuko dena.
Azken batean, sormen leku baten bila nenbilen. Oreka bat topatu gura nuen kanpoko lanen eta nireen artean, eta Garrasik hori osatuko duela uste dut, aukera ematen dit-eta neure lanekin konpontzeko. Antzezle izatea da nire ideia, ez irakaslea, baina antzerki mundura lotuta jarraitzeko aukera ere bada hau. Nekagarriagoa da mundu bien artean ibili behar izatea. Sortzeko modu bat ere bada, azken finean, ikasturte amaierako lanak ere egin beharko baititut taldeekin, eta, horretarako, sormena, idazketa eta zuzendaritza ere landuko ditut.
Eta zelan joan dira lehenengo urratsak?
Gunea egokitu eta gero, uztaileko lehenengo hamabostaldian udalekuak prestatu nituen. Bederatzi ume izan nituen eta gustura aritu ginen. Hasieran kostatu egin zitzaidan, baina oso esperientzia ona izan zen; ikasleak, familiak eta nik neuk oso pozik amaitu genuen. Irailean, berdin, sare sozialen bitartez eman dut, batez ere, Garrasiren berri. San Agustineko Arantza Arrazolagaz ere berba egin nuen bertan publizitatea uzteko. Laguntza handia eman dit hasieratik, eta oraindino lotu barik dugun arren ikasturte amaierako emanaldiak bertan egitea pentsatzen gabiltza. Durango handia izan arren, ez da hiri bat, eta informazioa nahiko erraz zabaltzen da herrian. Helduen talde bat dut martxan orain, eta gazteen hiru talde ere sortu ditut. Guztira, hogeita hamar bat ikasle ditut eta badakit jende gehiago ere gogotsu dagoena. Asterik aste hazten ari gara. Pozik nago, zenbakietara heltzen nabilelako.
Oso interesgarria egiten zait helduekin lan egitea, ni neu ere heldua nintzela hasi nintzelako antzerkia ikasten, 23 urtegaz. Gainera, helduak datozenean, gura dutelako datoz. Antzerki klase bat zer zen ere ez nekien. Uste nuen gidoi bat jaso eta hortik hasiko ginela lanean, baina ez, dinamika pilo bat dago, joko pilo bat... eta uste nuen, beraz, helduentzako ere interesgarria izango zela. Gazteen kasuan ere interesgarria izan zitekeen, baina argi diot ez dudala ludoteka bat zabaldu gura izan. 10 urtetik gorakoentzat dira saioak. Iruditzen zait adin horretatik gora umeek badakitela zer egin gura duten. Eta neure burua ere ez dut ikusten 6 urteko hamar ume kudeatzen gela batean. 10etik 14 urtera artekoak ditut orain, baina 15etik 17 urtera artekoak etortzea ere gustatuko litzaidake.
Zelako garrantzia du gazteen artean emozioak eta sentimeduak lantzeak?
Garrasi epairik bako leku bat dela azaltzen diet denei, batez ere helduei. Polita izango litzateke hemendik kanpora ere aske sentitzea, jakina, baina konplexuak hemendik kanpora utzi eta bertan jolasteko eta berriro ume izateko espazio bat topatzen badute nahikoa da niretzat. Umeek oso ondo egiten dute hori, adibidez. Norbere buruaz modu osasuntsu batean barre egitea asko egitea dela uste dut; lotsa kentzea, publikoan berba egiteko trukoak ematea... Horrelakoak ikasteko ere toki aproposa izan daiteke.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Urte eta erdiren ondoren, Eros obraren bira amaitzen ari gara; urtarrilean Durangon egon ginen eta asteburu bat geratzen zaigu Pabilioi 6 aretoan. Amaiera hori dugu buruan. Iñaki Ziarrustak zuzentzen duen Atx konpainiagaz ere ibili naiz lanean, Marmarra antzezlanagaz, eta hori ere amaitzen dabil. Aurreko asteburuan Ortzaitzen egon ginen, eta domeka honetan Oiartzunen egingo dugu emanaldia. Bilbon aurkeztuko duten proiektu bategaz ere banabil, datorren urterako. Eta, azkenik, hasieran aipatu dizudan lana, nik ekoitziko dudan bakarrizketa; aurreratu dezaket ez dela umorezkoa izango. Hainbat fronte dut zabalik, baina gogorrena Garrasi da. Badirudi ezetz, baina urte amaiera bertan da eta ikasturte amaierako lanak prestatzeari ekingo diot orduan.