Goiz honetan, Durangoko Musika Hamabostaldiaren edizio berria aurkeztu dute, Bartolome Ertzilla Musika Eskolan. Lau kontzertuk osatuko dute aurtengo egitaraua; musika klasikoa zein konposizio garaikidea izango dute oinarri. Honako hauek dira kontzertuen ezaugarriak:
Euskadiko Orkestraren Ilargiari kantari familia kontzertua (Azaroaren 2an, 18:00etan, San Agustinen): Euskal herri-musikaz eta gizakia ilargira lehenengo aldiz iritsi zen garaiko kantuez osaturiko emanaldia, eszenatoki berezi batekin. 3 eta 6 urte bitarteko umeei zuzenduriko kontzertua da
Bilboko Koral Elkartearen O! Noche Felice! kontzertua (Azaroaren 8an, 20:00etan San Antonioko komentuan): Valentin Zubiarurre XIX. mendeko konpositore garaitarraren piezekin osaturiko kontzertua. Konposizioak Durangoko San Antonio komentuko emakumeentzat sortutakoak izan ziren.
Ensemble Praeteritum hari-zazpikotearen kontzertua (Azaroaren 23an, 20:00etan, San Agustinen): Pablo Suárez biolinistaren zuzendaritzapean, Vivaldi Senza Fine interpretatuko dute. Besteak beste, Antonio Vivaldiren Lau urtaroak interpretatuko dituzte.
Xabier Zeberioren Pause proiektua (Abenduaren 13an, 19:00etan, Plateruenean): Xabier Zeberiok berak Bartolome Ertzilla Musika Eskolako Orkestrakin batera eskainiko du kontzertua Irati Ortubiaren zuzendaritzapean Jazza, euskal musika herrikoia eta inprobisazio garaikidea harilkatuko dituzte.
Sarrerak:
Azaroaren 8ko eta abenduaren 13ko kontzertuak doakoak izango dira, eta azaroaren 2koak, berriz, 4 €-koak (1 €-ko deskontua Bartolome Ertzillako bazkide eta ikasleentzat, sarrerak 3 €-ren truke erosi ahal izango baitituzte). Gainera, azaroaren 23ko kontzerturako prezioa 10 €-koa izango da (bazkide eta ikasleentzako 2,5 €-ko deskontuarekin, 7,5 €-tan geratuz). Sarrerak San Agustin antzokiko leihatilan daude eskuragarri.