Pinondo Etxea berriro ere kultur etxe izateko prozesua hasi du Durangoko Udalak. Prest daukate aurreproiektua, eta orain, zaharberritzea finantzatzeko dirulaguntza bila hasiko dira. Guztira, 2,5 milioi euroko kostua izango duela aurreikusi dute. Fatxada eta eraikinaren tamaina bere horretan mantenduko dituztela aurreratu dute udal arduradunek. Barrualdean, aldiz, moldaketa ugari egingo dute gelak eta aretoak irisgarriak eta berrituak izan daitezen.
Mireia Elkoroiribe alkateak eta Paule Sanchez kultura zinegotziak goiz honetan eman dute proiektuaren berri. Garai bateko erabilera eman gura diote eraikinari, hau da, kultura-gaiak, ekitaldiak eta kulturagaz lotutako hezkuntza tailerrak aterpetu gura dituzte bertan. Solairu bakoitzaren eginkizuna ere zehaztu dute: beheko solairua erakusketak eta proiekzioak antolatzeko prestatuko dute, eta bertan egongo dira baita arreta bulegoa eta komunak ere; lehenengo solairuan, gazteria eta kultura arloko bulegoak eta bilera-gelak atonduko dituzte eta bigarrenean, argazkigintza, ikus-entzunezko eta diseinu tailerretarako eremua. Azkenik, sabaiak, ikus-entzunezkoentzako, ekitaldi informalentzako eta erakusketentzako lekua hartuko du.
Sanchezek azaldu duenez, proiektua "ez da birgaitze bat bakar-bakarrik. Kohesioa, kultur dinamika, sormena eta tokiko talentua sustatzeko lekua ere izango da Pinondo". Elkoroiribek gaineratu du udalerriak "eraikin emblematiko bat" berreskuratuko du. "Ondarea babesteaz gainera, kulturaren eta pertsonen aldeko hiri eredua" sustatzen laguntzeko baliagarria izango delakoan dago.
Datak
Udalak prest dauka aurreproiekua, eta hemendik aurrera, obrak finantzatu ahal izateko dirulaguntzak bilatuko ditu gainerako instituzio publikoetan. Eraikina babestua dagoenez, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu dute proiektua. Exekuzio proiektua 2026an prest izatea gura dute. Obrak hasteko, baina, itxaron egin beharko da. Datorren legegintzaldian zehar hasi gura ditu udalak.
Pinondo Etxea, Agirrebengoa Etxea izenagaz ere ezaguna, 1855eko eraikina da, fatxada neoklasikoduna. Hainbat erabilera izan du. Durango Eraikitzen entitateak, Gazteria Sailak eta Berbaro euskara elkarteak bertan izan dute egoitza urte luzez. Eraikinak bost urte baino gehiago daramatza zarratuta, txosten tekniko batek eraikinaren egoera txarra zela eta, barruan aktibitaterik ez egitea jaso zuen arte. 2020tik erabilerarik barik dago.