2026an hasiko dira Durangoko Institutuko frontoia eta patioa berritzen

E.H. 2025ko urr. 21a, 16:09

Hezkuntza Sailak idatzita dauka proiektua. 1.250.000 euroko inbertsioa egingo dute. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hainbat berrikuntza egingo du Durangoko Institutuan. Frontoiko teilatua berreraikitzeaz gainera, atari estali berri bat eraikiko dute, baita harmailak kendu eta patioak egokitu ere. Durangoko Udalak jakinarazi duenez, instalazio "irisgarriagoak, seguruagoak eta funtzionalagoak bermatzea" da proiektuaren helburua. 

Proiektuaren gorabeherak zehazte aldera, bilera egin dute Mireia Elkoroiribe alkateak, Iasmina Gorroño zentroko zuzendariak, Paul Ortiz de Murua zuzendariordeak eta Iñaki Orbe Bizkaiko Hezkuntza ordezkariak. Obren egutegia adostu dute, lanek ikasleen jardueran ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten. 

Durangoko Institutua 1970eko hamarkadako eraikina da. Urteen poderioz, instalazioek hainbat egitura eta funtzionaltasun arazo dute. Hori dela eta, esku hartze sakona egitea deliberatu du Eusko Jaurlaritzak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!