Sexu esplotazioa eta emakumeen salerosketa aztertuko dituzte Durangon

E.H. 2025ko urr. 21a, 15:46

Legelariek, adituek eta bizirauleek egun osoko berbaldi sorta eskainiko dute zapatuan, urriak 25, San Agustinen. Jardunaldia Andereak elkarteak antolatu du, udalaren babesagaz. 

San Agustin kulturguneak sexu-esplotaziorako emakumeen eta neskatoen salerosketari buruzko jardunaldi monografikoa hartuko du zapatu honetan. Jardunaldian, emakumeen aurkako indarkeriaren "errealitate krudela eta muturrekoa ikusarazi gura dute", baita horri buruz hausnartzera bultzatu ere. Horretarako, hainbat ertzetatik helduko diote gaiari. Alde juridikoa eta analisi psikosoziala aztertzeaz gainera, salerosketa sareetatik bizirik irtendako emakumeen testigantzak eskainiko dituzte. Hizlarien artean, Estatuko Fiskaltza Nagusiko Salerosketa eta Atzerritartasun Unitateari atxikitako Maria Angeles Sanchez fiskala, Maria Angeles Jaime de Pablo Themis emakume juristen elkarteko kidea, Sara Vicente abokatua eta prostituzioa abolitzearen aldeko ekintzailea, Carmina Serrano psikoanalista eta Iruñeko Las Poderosas elkarteko kideak egongo dira, Joy Ogbeide eta Lydia Osifo, besteak beste. Salerosketaren biktimak dira azken horiek. Ekitaldiari zuzeneko musika emanaldi batekin eta taldearen bideoklip batekin emango diote amaiera.

Berbaldiak Andereak elkarteak Udaleko Berdintasun Sailak antolatu dituzte. 09:15etatik 14:00etara izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!