Gatibu Durangaldean ikusteko azken aukera

Anboto 2025ko urr. 17a, 11:45

Alex Sardui Gatibuko abeslaria, 2018ko 40 Minutu Rock Jaialdian. 40 MINUTU ROCK

Rock talde gernikarrak abenduaren erdialdean agurtuko ditu eszenatokiak, Barakaldoko BECen. Data hori baino lehenago, kontzertu bi emango ditu Euskal Herrian. Urepelen izango da bata, eta Durangoko jaietan bestea, barikuan, Ezkurdin.

Joan zen asteburu luzea atzean utzita, durangarrek zoramenerako egun gehiago dute aurretik. Orain ere, makina bat ekitaldi, animazio eta musika egongo da herriko kaleetan. Baina, denen artean, zalantzarik barik, Gatiburen kontzertuak batuko du jenderik gehien. Alex Sardui eta bere mutilak Ezkurdiko eszenatokira igoko dira barikuan, hilak 17, 23:00etan, durangarren eta bisitarien gozamenerako. Eta eguraldi iragarpenak onak diren arren, Euritan dantzan ibiliko dira, Bang-bang txik-txiki bang-bang. Maitale ezagutu berriek Musturrek sartunde ikusiko dute kontzertua beharbada, Bixotza suten. Eta parrandazalerik alprojenak Besoak zabalik ibiliko dira Bizitzeko gogoa eztarria urratu beharrean abesten, Eztanda egin arte. Eta horren ondoren, atsedena, agurra. Eta malkoren bat edo beste ere bai, talde gernikarra bere agur biran murgilduta dagoelako, eta barikukoa izango delako, hain zuzen ere, Gatibu eskualdean zuzen-zuzenean ikusi ahal izateko azken aukera. Behin Ezkurdi agurtuta, Nafarroa Behereko txoko txiki horretara joango dira, Urepelera, eta Madril eta Bartzelona bisitatu ondoren egingo dute azken agurra BECen, hiru emanaldigaz. Gatibuk era horretan agurtuko du bere 25 urteko ibilbidea, zale guztiekin batera, Aske maitte betean eta Lorak eskeintzen.

Mozorrorik zoroenak kaleratzeko ordua



E
z dira Rio de Janeiroko karnabalak, ezta Tenerifeko inauteri entzutetsuak ere. Baina durangarrentzat sakratua da jaietako mozorro eguna, eta zapatu honetan ez diote hutsik egingo hitzorduari. Eguerditik aurrera herriko kaleetan paseatzen dabilenak erraz ikusiko ditu kuadrilla batzuen zein besteen mozorroak. Desfilea 18:30ean izango da, Madalenatik Andra Mariko elizpera. Amaieran sarien zozketa egingo dute. Txosna batzordeak ipuinak eta kondairak oinarri hartuta mozorrotzera deitu du. Horrez gainera, Etxera Eguna ospatzeko ere baliatuko dute eguna. 

Asteburuko beste hitzordu nagusi batzuk Ødei, Streetwise eta Les Testarudes taldeen emanaldiak (barikuan txosnetan), bertsolarien saioa (barikuan San Agustinen), patata-tortilla txapelketa (zapatuan Landako Gunean), akrobazia ikuskizuna (zapatuan Ibaizabal parkean) eta Maruxak eta Akerbeltz taldeen saioak dira (zapatuan txosnetan). 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!