Durangoko Azokak 60 urteko jarduna egingo du aurtengo edizioagaz, baina urteurrena ospakizun bakar batean egin beharrean, urte hauetan guztietan garatutako ibilbidean ipiniko du arreta. "Urteurren seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsi eta berrikuntza batzuk txertatuko dizkiogu Azokari", azaldu du Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak prentsaurrekoan. Aurretik, uztailean zendu zen Izaskun Ellakuriaga lankide izandakoa izan du gogoan; hogei urtez euskal kultura bultzatzeko eginiko lana gogoratu dute. Beste nobedadeetariko bat mezua eta iruditegia izango dira. Urtero lelo berria aldatu beharrean, aurrerantzean Kulturaren Jaialdia lerroburua izango du Durangoko Azokak. Unibertso bisualaz Iratxe Reparaz arduratu da. Azokak "egin duen eta egiteko duen ibilbidea" oinarri hartuta garatu du unibertso bisual berria. Estiloari buruz galdetuta, "kolore biziak, diziplina anitzak eta forma irregularrak" erabili dituela azaldu irudien egileak, "azoka honen energia libre eta jaialdi giroa islatzen dutenak".
Gaztelurrutiak, bestalde, Palestinako herria Azokan presente egongo dela nabarmendu du. "Ez da erraza jaialdi bat prestatzeko grinari eustea samina barreiatzen dabilen aldi honetan. Prestaketan zein azokako egun guztietan genozidioa behin-betiko gelditzeko deia luzatuko dugu".
"Pribilegioa da 60. urteurrena ospatzea"
Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendariaren berbetan, Durangko Azokak 60. edizioa betetzea "pribilegio" bat da, eta hori, Gerediaga elkartearen lanari eta konpromisoari esker dela azpimarratu du. Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak ere, Durangoko Azokaren ekarpena nabarmendu dute. "Hemen gaude Azokari egin behareko aitortza egiten. Nork esango zien lehenengo azoka antolatu zutenei, 60 urte geroago hemen egongo ginela", esan du Elkoroiribek.