Zertan espezializatua dago Virginia Ansorena zentroa?
Aurpegiko eta gorputzeko tratamenduan espezializatuta dagoen zentroa gara. Pertsona guztiak zaintzen ditugu hemen, mundu guztiarentzat ditugu tratamenduak, eta, jakina, baita emaztegaientzat ere.
Zelan zaintzen dituzue emaztegaiak?
Zaintzeko modu desberdinak ditugu, emakume bakoitza, pertsona bakoitza, desberdina delako. Alde batetik, emaztegai exijenteak ditugu. Horiek euren zainketa prozesua urtebete lehenago hasten dute gutxi gorabehera, eta urte osoko prozesu batean murgiltzen dira. Horixe izango litzateke perfektua, urtebete edo bederatzi bat hilabete lehenago hastea. Bestetik, ez hain zorrotzak direnak daude. Horiek sei bat hilabete lehenago hasten dira. Eta, azkenik, lasaiagoak direnak ditugu. Horiei gutxienez hilabete edo hilabete eta erdi lehenago etortzeko eskatzen diegu. Bestela, ezin dugu segurtasunez lan egin. Batzuetan kimikoekin lan egiten dugu eta beharrezkoa izaten da denbora, azala bere onera etortzeko. Guk egiten ditugun tratamenduetan ez dago inolako arriskurik, jakina.
Emaztegaiez ari gara, baina senargaiak ere badaude.
Eta horiek ere berdin-berdin zaintzen ditugu. Gizonezkoen azala errazagoa da tratatzen, patologiaren bat ez badago, jakina. Ez du horrenbesteko atentzioa eskatzen.
Zuen zentroan tratamenduak eskaintzeaz gainera, etxean errutina bat egitea ere gomendatzen duzue?
Virginia Ansorena zentroan denda zerbitzu bat ere badaukagu, baina ez dugu salmenta soil bat egiten. Bezeroarekin jesartzen gara eta egin beharreko errutina nola egin erakusten diogu. Guk eskaintzen ditugun errutinak laburrak eta eraginkorrak dira. Horrelakoak gustatzen zaizkigu. Sare sozialetan ikusten ditugun skincare errutinak ergelkeria hutsa dira, ez dira beharrezkoak. Funtzionatzen duten tratamenduak bilatzen ditugu. Aholkularitza zintzoa eta benetakoa da gure berezitasuna.
Ezkontza aurretik egin beharreko tratamenduez hitz egiten ari gara, baina Virginia Ansorena zentroa hori guztia baino gehiago da.
Negozio bati maitasuna eta pasioa jartzea ezinbestekoa da eta horixe izan dut helburu hasiera-hasieratik. Lanbide honek liluratuta nauka, txiki-txikitatik, eta uste dut hori igarri egiten dela. Negozio honek arima duela esango nuke. Gainera, gurean bezeroa da garrantzitsuena, eta bera dugu erdigunean. Horrez gainera, apurka-apurka hazten doan talde zoragarri bat dut inguruan, lanerako derrigorrez eduki behar diren balioak dituztenak: zintzotasuna, lanerako gogoa eta prestakuntza. Une honetan sei pertsonak osatzen dugu Virginia Ansorena zentroa, eta denean oso harro nago. Gainera, Ander semea ere lantaldeko parte da, estetikako goi-mailako ikasketak egin zituen, eta beragaz lan egitea ohorea da niretzat. Momentu zailetan lanak bizia salbatu dit eta Ander ondoan izateak lasaitasuna eman dit.