Ezkontza gehigarria

"Emaztegaia zainduta eta berezi sentitzea gura dugu"

Joseba Derteano 2025ko urr. 17a, 09:00

Hirune Ruizek 11 urte baino gehiagoko esperientzia du ile apainketen munduan.

Hirune ileapaindegian ile orrazkera baino askoz ere gehiago eskaintzen dute: emaztegai bakoitzaren ametsa egia bihurtzea da helburua, egun handian argi propioz distira egin dezan. Egun berezi batean, xehetasun guztiek dute garrantzia. Horregaitik eskaintzen dute aholku pertsonalizatua, orrazkera neurrira eta laguntza osoa, emaztegaia lasai eta berezi sentitu dadin. 

Zelan lortzen duzue emaztegai bakoitzaren orrazkera bere estilo eta nortasunagaz bat etortzea?
Gure apaindegian, esperientzia pertsonalizatu eta osoa eskaintzen dugu, emaztegai bakoitza bakarra sentitu dadin. Aholkularitza integralean ipintzen dugun arretagaitik nabarmentzen gara: emaztegai bakoitzaren estiloa, aurpegia, janzkera eta funtsa aztertzen ditugu, bere edertasun naturala nabarmentzen duen itxura bat sortzeko. Egun osoko laguntza zerbitzua ere eskaintzen dugu, dena azken xehetasuneraino perfektua izan dadin ziurtatuz.

Zer esperientzia eta prestaketa duzu?
11 urte baino gehiago daramatzat ile apainketaren munduan lanean, eta denbora honetan beti egon naiz etengabeko prestakuntzaren aldeko apustua egiten. Hainbat ile apainketa ikastaro egin dut; besteak beste, banakako prestakuntza pertsonalizatua, eta horrek nire teknika, sormena eta xehetasunei arreta hobetzea ahalbidetu dit. Emaztegai bakoitza eta ekitaldi bakoitza ikasten eta hobetzen jarraitzeko aukera berri bat da.

Ezkontza bakoitza erronka bat da?
Bai. Gure erronkarik handiena egun handiaren zirrara eta nerbioak edertasun eta lasaitasun bihurtzea da. Dena bere horretan joan behar da, tokiaren girotik hasi eta azken emaitzaraino. Emaztegaia zainduta, berezi eta seguru sentitzea gura dugu, eta horrek enpatia, antolakuntza eta egiten dugunarekiko maitasun handia eskatzen du.

Zein orrazkera dago modan gaur egun?
Gaurko ezkontza-joerek naturaltasuna eta dotorezia lasaia azpimarratzen dituzte. Uhin leunak, ehundura baxuko bilduak eta orrazkera solteak nagusitzen dira, espontaneoak baina oso landuak diruditenak. Era berean, itzultzen ari dira txirikorda arinak, nortasuna duten osagarriak —lore naturalak, perlak edo eskuz egindako buruko apaingarriak— eta itxura hezeko akabera leunduak emaztegai ausartagoentzat. Laburbilduz, helburua emaztegai bakoitzaren funtsa islatzea da estilo fresko, erromantiko eta autentiko bategaz.

Emozio berezirik eragin zizun ezkontzarik gogoratzen duzu?
Emozio asko gogoratzen ditut, baina beti geratzen zait gogoan emaztegaia ispiluan begira ikustea, ilea orrazten ari garen unean. Bere burua ezagutzen duen, irribarre egiten duen eta hunkitzen den une hori deskribaezina da. Bere bizitzako egunik garrantzitsuenetariko baten parte naizela jakitea sentsazio zoragarria da.

Zer eduki partekatzen duzu 'hiruneileapaindegia' Instagram kontuan?
Denerik partekatzen dut: eguneroko ile-zaintza aholkuak, ezkontza-orrazkerak eta ile-eraldaketak. Nire benetako lana, inspiratzen nauten joerak eta estilo bakoitzaren atzean dagoen prozesua erakusten dudan espazioa da. Gustatzen zait jarraitzaileek ideiak aurkitzea, ikastea eta orrazkera on batek pertsona bakoitzaren edertasuna zelan hobetu dezakeen deskubritzea.


Esperientzia pertsonalizatua eta integrala eskaintzen du ile apaindegian.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!