Durangarrak gertu daude jaietarako, baina ezingo dituzte ospakizunak behar den moduan hasi jaietako pertsonaien bedeinkapenik barik. Patxikotxu eta Pantxike, Pantxike eta Patxikotxu, arratsalde honetan helduko dira herriko kaleetara, jaiak ailegatu direla lau haizeetara zabaltzera. Patxikotxu San Fausto auzotik irtengo da kalejiran, 19:00etan, eta udaletxeko plazan hartuko du lekua, auzo horretako bizilagunen txupinazoa bertatik bertara ikusteko. Pantxike txosna batzordeko eragileekin irtengo da kalejiran Santa Anatik, 19:30ean. Alde Zaharreko kaleak zeharkatu eta gero, txosnaguneko eszenatokian egongo da, Durangoko gaztetxeko kideen txapligua ikusteko.
Behin irekiera ekitaldiak eginda, durangarrek zoramenerako asteburu luze bi izango dituzte aurretik. Gaur, barikua, Bulegoren kontzertuaz (Ezkurdi) zein Zeker, Nekktar eta Reder taldeen zuzenekoez gozatu ahal izango dute (txosnetan). Bihar, sukalki txapelketako giroa (Landako Gunea), gazte eguneko bazkaria (txosnagunea) eta San Faustoko bizilagunen herri bazkaria izango dituzte zain. Urriaren 13an, astelehena, herriko egun handia ospatuko dute, San Fausto eguna. Baina hori baino lehenago, domekan, txosnetako eragileek Palestinagazko elkartasun eguna egingo dute.