Durangoko Jaiak 2025

Durangoko udaltzaingoak kamerak izango ditu soinean, jaiek iraun bitartean

E.H. 2025ko urr. 9a, 11:29

Udalak "gardentasun eta kontu emate handiagorako urrats garrantzitsua" eman gura du elementu horrekin. Kamerak "prozedura judizialetarako datu objektibo ukaezinak" eskaintzeko gai direla  esan dute, eta lagungarri izan daitezkeela eragileen eta herritarren segurtasuna hobetzeko. 

Durangoko Udalak segurtasun dispositibo berezia ipiniko du martxan sanfaustoetan. Udaltzaingoaren agente kopurua handituko dute; 10 polizia egongo dira lanean, txanda bakoitzeko, eta udal iturriek jakinarazi dutenez, agenteek gorputz-kamerak izango dituzte soinean lehenengo aldiz. "Neurri horren helburua sor daitezkeen gorabeherei modu azkarrago eta eraginkorrago batean erantzutea da, eta herritarren zaintza hurbilagoa eskaintzea, bai jendetza handiena biltzen den eremuetan, bai jai-jarduera ugari izaten diren guneetan", arrazoitu du udalak.

Gorputz-kameren ezaugarriak ere eman dituzte. Udaltzainek Axon Body 3 kamerak izango dituzte soinean. "Bideo-kalitate ona eskaintzen dute, eta LTE konexioari esker zuzenean transmititzeko aukera ematen dute. Gainera, eskuak erabili beharrik barik aktibatu daitezke, eta horrek esku-hartzeetan erabiltzea errazten du", azaldu du udalak. Era berean, Adimen Artifizialeko sistema bat ere badutela gaineratu dute. Udalak "gardentasun eta kontu emate handiagorako urrats garrantzitsu" eman gura du kamerekin, "topaketak dokumentatzean", eragileen eta herritarren "segurtasuna hobetzeko" eta "prozedura judizialetarako datu objektibo ukaezinak" lortzeko.

Ertzaintzarekin lankidetzan

Jaietako segurtasun dispositiboak ez dio udaltzaingoari bakarrik eragingo. Ertzaintzak bere patruilen preseintzia handituko du Durangon, eta segurtasun indar biek, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, elkarlanean jardungo dute. Era berean, prebentzio kontrolak ere egingo dituztela iragarri dute, "adingabeen artean alkoholik ez kontsumitzeko" zein "objektu arriskutsuak detektatzeko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!