Durangoko Jaiak 2025

"Publikoagaz konektatzea da garrantzitsuena"

Joseba Derteano 2025ko urr. 9a, 08:56

Gorka Perez eta Sergio Torrado, San Agustin kulturguneko atarian.

Gorka Perez Ignacio (Durango, 2000) eta Sergio Torrado Yañez (Durango, 2003) prest daude jaietan dena emateko. Adin guztientzako musika ipiniko dutela diote. 

Zer aurkituko du zuen kontzertura doanak?
Sergio Torrado: Musika anitza eta animazio handia aurkituko ditu. Adin guztietako jendearentzat ipiniko dugu musika, denak sentitu daitezen jaiko parte direla.
Gorka Perez: Ez gara reggaetoira edo 20 urtekoentzako musikara mugatuko. Pot-pourri bat izango da. Denak ipini gura ditugu dantzan. 

DJ kontzertu batek zer osagai behar ditu ona izateko?
S.T.: Publikoagaz konektatzea da garrantzitsuena.  
G.P.: Bai, ezinbestekoa da mikrofonoaren bitartez publikoari zeozer transmititzea. 
S.T.: Eta guk ondo pasatzea. Jendeak ikusten badu gu ondo pasatzen gabiltzala konexio berezia sortuko da.

Zelan hasi zineten DJ lanetan?
S.T.: Hemen bizi arren, galiziarra naiz eta han hasi nintzen. Lehengusuaren nahasketa-mahaiak nire arreta erakarri zuen. Zenbat botoi zeukan! Horrek txinparta piztu zuen nigan. Nire herriko gabon zahar gauean eman nuen lehenengo kontzertua. Durangaldean Sweet&Vicious-en egin nuen estreinaldia. 
G.P.: Botoidun tramankuluek beti erakarri dute nire arreta. Kurutziaga Ikastolan ikasleen irrati saio bat zegoen eta han hasi nintzen aurkezle irratiko mahai bategaz. Gero, 18 urtegaz lortu nuen nire lehenengo DJ mahaia, eta horretan nabil gaur egun ere. Inauterietan Andra Mariko elizpean egiten den DJ jaialdian bi-hiru bider parte hartu dut.

Zelan ikusten duzue DJ panorama eskualdean?
S.T./G.P.: DJ harrobi ona dago. Geroago eta gehiago eta hobeak daude. 

Zer erreferente duzue DJ munduan?
G.P.: Ez dut erreferenterik izan, baina ikusi dut jendeak zer egiten zuen; esaterako, Martin Garrix herbeheretarrak egiten zuena.
S.T.: Nire kasuan, Alvama Ice. Eta eskualdean, Gorka. Hiru urte nagusiagoa da eta erreferente izan dut. 
G.P.: Azken batean, eskualdean reggaetoiko lehenengotariko DJa izan nintzen. 

Non amesten duzue kontzertu bat ematea?
S.T.: Galiziako Pelicano salan. 
G.P.: Nire kasuan, Ibizako Ushuaian. Edo famatua den diskoteka batean. Itzela litzateke. 
S.T.: Hasieran BEC esan behar nizun, baina laster beteko dut amets hori, urrian hango jaialdi batean parte hartuko dut eta. Aukera ederra da.
G.P.: Nik Iruñeko Carpa Universitarian parte hartuko dut, urriaren 24an. 10.000 lagun batzea itxaroten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!