Herriko jaiak hasteko egun gutxiren faltan, Durangoko Udalak jaietako protokoloa aurkeztu du, indarkeria matxista prebenitzeko zein erasoren bat gertatuko balitz hari aurre egiteko. Hainbat neurri zehaztu dute. Batetik, 24 orduko arreta telefonoa ipiniko dute indarrean (747 459 584). Zenbaki hori urriaren 10ean, 11n, 12an, 13an, 17an eta 18an egongo da martxan, eta erasoren bat jasan dutenek zein lekukoek erabili ahalko dute. Kasu bietan, deitzaileek psikologo espezializatuak topatuko dituzte telefonoaren beste aldean.
Bestetik, Puntu Morea ipiniko dute martxan. Landako Gunearen ondoan egongo da, txosnetan, urriaren 10ean, 11n, 12an, 13an, 17an eta 18an, 20:00etatik 02:00etara. Bertan, profesional espezializatuak egongo dira, biktimei zein lekukoei arreta laguntza zein aholkularitza eskaintzen. Azkenik, baten batek arreta pribatua beharko balu, Andragunean horretarako gune espezifikoa izango duela iragarri du Ruizek.
Protokoloa beste hainbat mezurekin lagunduta ere egongo da. Mezuok herri osoan zehar eta Bizkaibuseko markesinetan ipiniko dituzte ikusgai. "Gorputz, adierazpen eta janzkera guztiak ongietorriak dira!" izango da bata, eta "Eraso matxistak ez dira txantxa. Zure lagunen irain eta iruzkin matxisten aurrean ez izan konplize!", bestea.
Jarraibideak:
Protokoloan jarraibide argiak ezarri dituzte indarkeria matxista kasu posibleen aurrean jarduteko. Horien artean daude honako hauek:
- Eraso bat jasan duela adierazten duenari entzutea eta sinestea
- Arriskutik kanpo dagoela ziurtatzea eta bakarrik ez uztea
- 112ra deitu berehalako arriskua izanez gero
- Eskura dauden baliabideei buruzko informazioa ematea, hala nola aurrez aurreko arreta guneari edo 24 orduz gaitutako telefonoari buruzkoa
- Inguruko komentario, keinu edo portaera matxisten aurrean jardutea
Elkarlana
Jaietako protokoloa udalak aurkeztu du, baina udalerriko hainbat eragilek parte hartu du haren lanketan: Andereak elkarteak, DAFAk, Txosnen Batzordeak, Bilgune Feministak, Kuir Eztandak, Jai Batzordeak eta Udaleko hainbat sailek, besteak beste.
Jaietatik aparte, urte osoan zehar, indarkeria matxistari aurre egiteko hainbat tresna dagoela gogorarazi du udalak. Horien artean, Indarkeria Unitatea dago. Zerbitzu hori Andragunean eskaintzen dute, astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan 08:50-15:10 ordutegiagaz eta martitzen eta eguenetan 10:40-15:00 / 16:00-19:00 ordutegiagaz.