Berezia da norberaren herriko jaiak iragarriko dituen kartela egitea?
Bat-batean norberak sorturiko zeozer jaietan ikusteak ilusio handia egiten du.
Zer islatu gura izan duzu kartel honetan?
Elkartasun eta ospakizun giroa irudikatu gura izan dut. Durangoko jaietako figura protagonista biak goiko aldean ipini ditut, gure kaleetan sortzen den giroari begira.
Zein teknika erabili duzu?
Hasieran, ilustrazioak paperean egin nituen, modu tradizional batean, eta gero eskaneatu egin nituen. Kolorea digitalki sartu nuen. Lan bat modu digitalean egiten dudan lehenengo aldia izan da. Esperientzia polita izan da.
Denbora asko behar izan zenuen?
Ideia pentsatzeak eramaten du denborarik gehien, baina, guztira, lau bat egun emango nituen kartela diseinatzen.
Durangarra izanda, zer suposatzen dute jaiek zuretzat?
Urteko momentu seinalatu bat da, familiagaz eta lagunekin batzekoa. Ospatzeko momentu bat da.
Kartel lehiaketa bat irabazten duzun lehenengo aldia da?
Bigarrenez aurkeztu naiz Durangon. Aurten ez nuen asmorik aurkezteko, baina azkenengo egunetan lehiaketa hor zegoela gogorarazi zidan amak eta animatu egin nintzen.
Diseinu arloan zabiltza?
Diseinu eta sorkuntzako karrera amaitu berri dut EHUn. Orain Hezkuntzako Masterra ikasten nabil, irakasle izateko. Horrez gainera, muralak eta pinturaren arloko lanak egiten nabil batez ere.
Non ikusi ditzakegu zuk sorturiko muralak?
Muralak Palentzian egin ditut batez ere. Herri txikietako giroa islatzen dute, horma handietan. Durangaldean, Basoarte arrandegiko pertsiana, esate baterako, nirea da. Enkarguz egiten ditut.
Diseinu eta artearen munduan zein arlotan sentitzen zara erosoen?
Momentu honetan gehiago betetzen nau pinturaren munduak, eta horretan nabil diseinuan baino gehiago. Baina ikasi diseinua ikasi dut, eta, beraz, bien artean nago. Ilustrazioa eta komikigintza ere gustuko ditut.
Jaietako zein ekitalditan parte hartzen duzu?
Tortilla lehiaketan parte hartzen ahalegintzen gara, eta, batez ere, kalean sortzen den giroa gustuko dut. Mozorrotu ere egiten gara kuadrillan. Zeozer pentsatu dugu, baina beti ibiltzen gara azken momentuan.
Zer desio diezu herrikideei jaietan?
Denon artean jaiak disfrutatzea eta jai politak izatea.