Durangoko Jaiak 2025

"Gaztetxea Durangoko hainbat hutsune betetzera dator"

Ekaitz Herrera 2025ko urr. 8a, 08:15

Ander Sarriugarte eta Olatz Gorritxategi gaztetxearen aurrean.

Aurten, gaztetxeko kideek izango dute txosnaguneko txapligua botatzeko ohorea. Ander Sarriugarte eta Olatz Gorritxategi prest daude jaiez gozatzeko eta gaztetxea herriratzeko

Gaztetxeak botako du txosnetako txapligua. Zelan jaso duzue proposamena?
Ander Sarriugarte: Txupinazoa gaztetxeak botatzea orain arte egindako borrokari egindako aitortza da. Hainbat ahalegin egin dugu gaztetxea lortu arte, eta uste dugu ibilbide horri egindako errekonozimendua dela. Ilusio handiagaz jaso dugu txupinazoa botatzeko proposamena. Ilusioz eta aukera modura, gaztetxearen aldarria herrira zabaltzea ahalbidetuko digulako. 
'Kaletik Gaztetxera' dinamikak hilabete luzeak daramatza martxan. Zelan baloratzen duzue orain arteko ibilbidea?
A.S.: Urte osoko borrokaren garrantzia azpimarratu gura dugu, horrek ekarri gaituelako hona, eta hori durangarren eta gazteen babesagaz lortu dugulako. Eta epaiketetan Defentsa Komuniteak eskainitako babesa eskertzen dugu. Hemendik aurrera, gaztetxea martxan dela, proiektua gorpuzten joango gara. Izan ere, epaiketa bat izan dugu espazio honegaz lotuta, eta arriskuak hor jarraitzen du; gure etorkizuna ezjakina da hemen. Horregaitik da inportantea bilakaera horretan proiektuari indarra ematea, proposamenetara hurreratzea, proiektua herrian zilegiztatzea. 

Ekainaren erdialdean Montorretako marmol-lantegi zaharra okupatu zenuten eta gaztetxea bertan dago harrezkero. Zein proposamen garatu duzue bertan?
Olatz Gorritxategi: Hainbat egitarau antolatu dugu. Kirolagaz loturikoak izan dira batzuk. Mendi lasterketa, eskalada eta erreka jaitsiera, adibidez. Bestalde, arteari loturiko lantalde bat ere badago gure artean, eta aisialdiari loturiko hainbat ekintza sortu da hortik. Horrez gainera, Palestinaren aldeko berbaldia antolatu dugu. Azken finean, adar askoko proiektuak ditugu, eta gaztetxeak horiei guztiei erantzuten die. 
A.S.: Horrez gainera, aipatzekoa da Durangon geroago eta sarbide mugatuagoa dagoela kirol eta aisialdi eskaintzetara. Gure baliabide ekonomikoak direla-eta, eskaintza horretatik kanpora geratzen gara, eta gaztetxeak aisialdi, kultur eta kirol eskaintza bat bermatzen digu.  
O.G.: Interes kapitalistetatik haragoko proposamenez gainera, erasorik bako eremua ere eskaintzen dugu, baita politizaziorako eremu bat ere. Gaztetxea Durangoko hainbat hutsune betetzera dator.  

'Kaletik Gaztetxera' ekimenak behin baino gehiagotan interpelatu du udala bere ibilbidean zehar. Zein puntutan daude udalagazko hartu-emanak? 
O.G.: Gaur egun ez daukagu hartu-emanik. Sorginolatik honako bidean, udalak etenik barik oztopatu eta eraso egin dio gure jardunari, eta ez dio gaztetxe faltari irtenbiderik eskaini. Egingarriak ez diren proposamenak ere egin ditu, Galtzaretako etxearena, adibidez. Proposamen hura aurpegia zuritzeko erabili zuela ulertzen dugu. Orain horregaitik jo dugu udalarena ez den eraikin batera, urte luzez hutsik egon den eraikinera. Kasu honetan, jabe pribatuak ditu eraikinak.

Baduzue hartu-emanik Montorretako lantegiko jabeekin?
O.G.: Hainbat jabe dira eta euretariko gutxi batzuek elkarrizketarako borondate ona agertu dute. Zoritxarrez, gutxiengoa dira. Izan ere, denontzat irtenbide onuragarria lortzen ahalegindu gara jabeekin, ados jartzen, baina gehiengoak ateak itxi dizkio elkarrizketari. Hala ere, epaiketen gainetik, elkarrizketa baterako beharrizana dagoela uste dugu eta gu prest gaude bide horri ekiteko.  

Txosnetako txupinazoa bota eta gero, zelan gozatuko duzue jaiez?
A.S.: Txupinazoa bota baino lehenago kirol txapelketak martxan ipiniko ditugu, eta horien finalak gazte egunean jokatuko ditugu. Gazte egunean, gaztetxean, txosnetan eta kalean egongo gara bazkari, jolas eta txaranga artean. Egun hori gaztetxearen aldeko aldarriz betetzen ahaleginduko gara. Era berean, Palestinaren aldeko bazkarian izango gara, eta DJ maratoi ibiltaria ere egingo dugu, gaztetxetik hasita. Erreka jaitsieran egongo gara, baita txosnetako mozorro desfilean ere. Horrez gainera, sorpresa bat izango dugu gaztetxean. Azkenik, hainbat ardura hartuko dugu txosnagunean. 

Pregoia prest duzue? Zer adieraziko duzue bertan?
O.G.: Batetik, Durangon gaztetxea behar dela azpimarratuko dugu, eta, bestetik, gaztetxearen alde gazte ugari dagoela ikusaraziko dugu. Era berean, gure proiektua azaltzeko eta aldarrikatzeko modu bat izango da txupinazoa.  

Baduzue mezurik irakurleentzat?
A.S.: Gaztetxeak ateak zabalik izango ditu jaietan zehar, baita jaien aurretik eta ondoren ere. Eta gaztetxea defendatzeko erarik onena gazteentzat eskaintza alternatiboak sortzea eta gazteek eskaintza horietan parte hartzea da. 
O.G.: Horrez gainera, gaztetxearen aldeko borrokara batzera deitzen dugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!