Durangoko Jaiak 2025

"Elkartearen sortzaileek ez zuten imajinatzen 50 urteren buruan txupinazoa jaurtiko genuela"

Aritz Maldonado 2025ko urr. 7a, 11:45

Gorka Perez eta Juan Luis Madariaga, San Fausto auzoan.

Beste urte batez, San Fausto auzo elkarteko kide eta auzotarrek urdinez koloreztatuko dute Durangoko udaletxeko plaza jaietako hasiera ekitaldian. Aurten, baina, balkoipean eta plazan ez ezik balkoian bertan ere ikusiko dira kamiseta urdinak. Izan ere, San Fausto auzo elkarteko kideek irakurriko dute jaiei hasiera emango dien pregoia. Lan handiko egunak izaten ari dira elkarteko kideetzat, baina euretariko bik, Gorka Perezek eta Juan Luis Madariagak, tartetxo bat hartu dute ANBOTOgaz berba egiteko. Biak ala biak hamarkada bat baino gehiagoz dira auzo elkarteko kideak. Urduri daudela esan dute, baina pozik, pregoia irakurtzeak elkartearen jarduna aitortzen duelakoan. Jai batzordearen proposamena hirugarrenean lortu dute gauzatzea, elkartearen 50. urteurrenean, hain zuzen ere. Elkartea osasuntsu dago, 250 bat bazkidegaz. 

Zelan hartu duzue proposamena?
Gorka Perez: Oso pozik eta esker onez. Hirugarren aldia zen San Fausto auzo elkartearen izena proposatzen zena. Lehenengo bietan ez, baina hirugarrenean ia aho batez irabazi genuen bozketa. Sinistu ezinik geratu ginen. Gainera, elkartearen 50. urteurrenean izateak bereziago egingo du. Auzoari ikusgarritasuna emateko beste modu bat ere bada eta jendea asko poztu da. Kalean ezagutu egiten gaituzte, ez auzoan bakarrik, eta agurtzera hurbiltzen dira batzuk. Bestalde, elkartearen jarduera aitortzeko modu bat ere bada. Azken finean, ez ditugu jaiak edo ospakizunak bakarrik antolatzen. Valentziako DANAren harira, adibidez, beharrezkoa zen material bilketa egin genuen gero hara bidaltzeko, eta jende askok parte hartu zuen.
Juan Luis Madariaga: Elkartea sortu zen garaiko kideei esanez gero 50 urteren ondoren Durangoko udaletxeko balkoian egongo zirela pregoia irakurtzen, ez zuten sinistuko! 

50 urte ez dira gutxi auzo elkarte batentzat.
G.P.: Auzo hobe baten alde lan egiten dugu. Udalagaz ondo konpontzen gara, baina geurea eskatzen dugu. Durango hobe baten alde ere lan egiten dugu, jakina. Beharrizana duenari lagundu egiten diogu, eta guri ere lagundu izan digute, Kapitanenaren kontuagaz, esate baterako. Bihar udaletxera joan behar dugu [martitzenean egin zen elkarrizketa], eta aurrekoan beste elkarrizketa bat egin behar izan genuen. Horrela gabiltza elkartekideok azken egunotan. Hala ere, inguruan ere jende asko dugu laguntzen. Baina jaietan gauza asko egin behar da eta edozein laguntza ondo etorria izango da.
J.L.M.: Bai, garrantzitsu ikusten dugu jendearen inplikazioa eskertzea. Paella janerako, adibidez, 600 aulki ipini behar ditugu; ez da lan erraza, baina bazkideak ez direnek ere erantzuten dute. San Fausto beti izan da oso auzotarra, denok elkar ezagutzen dugu.

Auzoa aldatu egin da urteotan.
J.L.M.: Azken urteotan asko hazi da, bizilagun berri asko etorri da. Elkartea nire gurasoen garaiko jendeak sortu zuen, Gorkaren aitita-amamen garaikoek, pentsa! Auzoa asko aldatu da, bai. Lehen herri bat zirudien eta orain auzo itxura handiagoa du. Auzoa goitik behera aldatu zen orain urte batzuetako berrurbanizazioagaz ere.

Marea urdinak bete egingo du plaza. 
J.L.M.: Bai. Egia esanda, jendea beti janzten da kolore urdinez, elkarteko kamisetagaz izan zein ez. Bide batez, gogoratu gura dut kamisetak salgai ditugula (barrez). Pregoia irakurtzerakoan lasaiago egongo gara behean marea urdina ikusten badugu. 

Urduri zaudete?
J.L.M.: Bai, eta geroago eta urduriago, gainera. Durangoko jaiak garrantzitsuak dira, zer esanik ez San Fausto auzoan. Jendeak ondo pasatzea gura dugu. Urteak daramatzat auzoan bizitzen, eta ezagutu izan ditut jaiak herritarrak auzotik irten ez direnak. Txikia nintzenean inortxo ere ez zen joaten auzotik. Erromeriak bertan izaten genituen, adibidez.  
G.P.: Urte batzuetan ez da ezer egon, baina horri buelta ematea lortu da. Gurea auzo bizia da eta oso gogoko dut hori. Auzoek bizitza behar dute, ez jaietan bakarrik, baita egunerokoan ere. Hemen, adibidez, jendeak babestu egiten gaitu, ondo erantzuten du. Denerik antolatzen dugu, txitxiburduntzia, gaztaina-jana, udako jaia eta Sanjoanak, kasurako, eta auzotarrek primeran erantzuten dute beti. Hori eskertzekoa da, beharrezkoa delako gauza gehiago antolatzen jarraitzeko.

Idatzi duzue pregoia?
J.L.M.: Bai, baina azken egunera arte ezkutuan izango dugu (barrez).
G.P.: Oso hunkigarria izango dela aurreratu dezakegu. Bai guretzat eta baita beste jende askorentzat ere. Baina festarako dei bat ere izango dela nabarmendu gura dugu; errespetuzko festarako, jakina.

Zelako jaiak izango dira aurtengoak?
G.P.: Oso bereziak. Guk geuk beste modu batera biziko ditugu, auzoko ekitaldietan ez ezik Durangokoetan ere parte hartuko dugulako; adibidez, artopil banaketan eta adinekoen bazkarian. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!