Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (EHAEO) Arkiteturaren Astea ospatzen dabil egunotan, eta Durangon antolatu du ekintzetariko bat. Eguerdian, plaka bat ipini dute San Inazion, etxebizitza blokeetako batzuk XX. mendeko arkitektura modernoaren adierazgarri nagusietakoa direlako. Docomomo Fundazioak eta EHAEOk ipini dute oroigarria, eta ekitaldian parte hartu dute, halaber, auzoko ordezkariek, Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek eta Bizkaiko Ondare Batzordeko Jorge Cabrerak.
San Inazio etxebizitza taldeko 3. eta 4. eraikinak 1971 eta 1972 artean eraikitakoak dira. Ibaizabal ibaiaren ertzeko orubean daude, eta L itxurako orubea hartzen dute oinplanoan. Hori dela eta, adituen iritziz, bere antolamenduak ingurumen kalitate handiko berdegunea sortzen du ibaiertzeko zuhaitzekin. Era berean, eraikinaren diseinuari dagokionez, arkitektoek bolumenak eta goiko solairuetako mailakatzeak erabili zituzten fatxadaren monotonia saihesteko. Era berean, terraza erdizirkularrak integratu zituzten hegal modura, fatxadei dinamismoa emateko. Adituen berbetan, San Inazioko etxeok Bizkaiko arkitektura modernoaren erreferente bihurtu dira eta kalitatezko etxebizitza kolektiboen adibide argi gisa nabarmentzen.