Durangoko Pelotazale Klubak ikusmina piztu duen pilota jaialdia antolatu du urriaren 17rako Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Estelarrean, zale orok ezagutzen dituen pilotari bi lehiatuko dira aurreko koadroetan: Titin III.a eta Mikel Goñi. Errioxarrak Ander Antxia abadiñarra izango du atzelari eta oronoztarrak, Unai Agirrezabal durangarra. Pilota goxuarekin jokatuko dute.
Pelota Fest jaialdia nesken paleta gomako partidu batekin hasiko da, 19:00etan. Bizkaiko kluben arteko txapelketaren barruko neurketa da.
Ander Martini omenaldia
Partidu bien artean, uztailean hil zen Ander Martin Estenaga gogoratu eta omenduko dute. Martinek lan handia egin zuen pilota sustatzen eta Durangoko klubeko entrenatzailea ere izan zen.
Sarrerak (10 euro) Urrats kafetegian, Alex tabernan eta Mesoi Berrian eskuratu daitezke; baita Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan ere, eguaztenetan 18:00-21:00 bitartean.