Asteburuko finalerdien ostean, 40. San Fausto Zesta Txapelketako finalak erabakita daude. Urriaren 11n 18:00etan hasiko den jaialdian binakako hiru txapel erabakiko dira Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Bikote denak Markina, Berriatua edo Frantziako Paue herrietakoak dira.
Gazte mailan Markinako Jokin-Kirmen bikoteak Berriatuko Uribesalgo-Aratz bikotea izango du aurkari. Ondoren, emakumeen finala hasiko da. Bikote biak Berriatukoak dira: Elaia-Maialen / Ihart-Maia. Lehenengoek Helena Barrenetxea durangarra eta Frida Watkins zumaiarra kanporatu zituzten finalerdietan: 15-10 /15-9.
Azkenik, gizonen 25 urtez azpiko finalean Markinako Javier-Atain eta Paueko Bonnin-Caparrus bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Joan zen zapatuko lehen finalerdian markinarrek iazko txapeldunordeak kanporatu zituzten: Astelarra-Urrutxua (Gernika). Bigarren finalerdian frantziarrek ezusteko handia eman zuten Amets-Goitia iazko txapeldunei irabazita.
Finalak ikusteko sarrera doakoa da lekuak bete arte.