[ARGAZKI GALERIA]: ELA sindikatuak Israeli boikot egitera deitu du

E.H. 2025ko urr. 3a, 15:43

Sindikatuko kideak Landako Gunearen ondoan mobilizatu dira gaur, Palestinaren kontrako genozidioa etetea eskatzeko. Lau orduko lanuzte orokorrera deitu dute urriaren 15erako. 

ELA sindikatuko kideak eta langileak Euskal Herriko kaleetara irten dira gaur; Durangon egin dute mobilizazioetariko bat. Palestinaren aldeko mezuak eta pankartak eskutan, Israelen genozidioa salatu eta haren kontrako neurri politiko eta ekonomikoak hartzea eskatu dute. Landako Gunearen ondoko plazan batu dira eguerdian.

Sindikatuko idazkari orokor Mitxel Lakuntzak adierazpenak egin ditu Gasteizen, eta Durangoko kideek haren berbak zabaldu dituzte adierazpen batean. "Israeli ezin zaio ezer erosi edo saldu; boikotak izan behar du palestinarren aurkako genozidioa geldiarazteko tresna nagusia", azaldu dute, Lakuntzaren berbak zabalduta. Enpresei eta gobernuei (Eusko Jaurlaritzari, Nafarroakoari eta baita Espainiakoari ere) era "zuzenean interpelatzera" deitu dute, "behingoz benetako neurriak har ditzaten". Izan ere, ELAren iritziz, "langileriaren euro bat ere ezin da Israelen interesen mesedetan erabili; Israeli ez diote ezer erosi edo saldu behar, ez gobernuek, ez enpresek", azpimarratu dute.

Lanuzte orokorra

Aipaturiko guztia dela eta, ELA sindikatuak lau orduko lanuzte orokorrera deitu du urriaren 15erako. Euskal Herrian egingo dute protesta, baita Galizian eta Katalunian ere, CIG eta Intersindical sindikatuekin batera. "Euskal Herriak, Galizak eta Kataluniak bezala, berezko ahotsa eta Madrildik egindakoak baino aldarrikapen zorrotzagoak eta eraginkorragoak dituztela erakutsi du", baloratu du ELAk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!